Espazio publikoa eraldatzeko laborategia egingo dute Ordizian
Hainbat eremu batu eta oinezkoentzat bihurtuko dituzte Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek. Herritarrek espazioa probatu eta iritzia emateko aukera izango dute
Espazio publikoa eraldatzeko laborategia egingo du Ordiziako Udalak, Donostiako Arkitektura eskolako ikasleekin batera. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, momentuz inolako eraldaketarik egin gabe, ordiziarrek aukera izango dute herriko hainbat eremu elkarrekin batuta eta oinezkoentzat bihurtuta, nola funtzionatzen duten ikusteko eta esperimentatzeko.
Arkitektura eskolatik iritsi zitzaien proposamena. «Unibertsitatetik udalarekin jarri ziren harremanetan ikasleekin burutu behar zituzten proiektuak espazio eta egoera errealetan oinarritu nahi zituztela eta, Ordizian espazio publikoaren lanketa egiteko proposamenarekin». Udaletik Ordizia ezagutzera gonbidatu zituzten; «Herria erakutsi genien, zeuden espazio publiko ezberdinak ikusi zituzten, proiektua non garatu nahi zuten erabakitzeko», zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Ikasleek Ordiziako kaleetan azterlana egin eta ondorioztatu zuten, lanketa Barrena inguruko espazioan egitea, Nikolas Lekuona plaza, Fray Andres eremua, frontoia, Zuhaiztia, baina baita Barrena parkea, Gudarien etorbidea eta Jose Migel Barandiaran plaza ere. Izan ere, espazio publiko hauek elkarren ondoan daude, baina elkarrengandik aldenduta daude. Ezenarrok azaldu zuenez, proposamena da, «poliki-poliki espazio publiko hauek euren artean josten joatea, oinezko espazio jarraiak bilaka daitezen».
Arkitekturako ikasleen lanari esker, «espazio hauek beste era batean erabiliko bagenitu zer nolako esperientzia izango genukeen ikusi nahi dugu». Hala, herriko ikastetxeen egunak ospatuko direla aprobetxatuko dute, espazio horietan ekitaldiak egingo baitira – ostiralean Jakintza ikastolakoek eta larunbatean Urdaneta eskola publikokoek-, beraz, egun egokiak dira azterlanerako eremuak modu seguruan itxi eta haurrak alde batetik bestera ibiliko baitira. Espazio horiek eraldatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Herritarrei deia
Ordiziara ekarriko duten proposamenaren inguruan xehetasun gehiago eman dituzte Koldo Telleria eta Irati Otamendi Arkitektura Eskolako, Gune irekiak eta ekipamenduak bosgarren mailako irakasgaiko irakasleek. Fray Andres inguruko asfaltuzko espazio zabala kolorez margotuko dute, oinezkoek lehentasuna izango duten espazio batean bihurtuz. Pintaketa lan batzuk behin-betikoak izango direla azaldu dute, eta beste batzuk ikasleek margotuko dituzte, ostiralean eta larunbatean, elikadura koloranteekin egindako margoekin. Pintaketa lanetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Arkitektura eskolako ikasleak ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:30-13:30 eta 16:00-19:00etara egongo dira. Era berean, Arkitektura eskolako ikasleek sortu dituzten hainbat altzari ekarriko dituzte, eremua oinezko espazio publiko bezala egokitzeko.
Bestalde, ikasleek landutako proiektuak azaltzen dituzten panelak egongo dira, eta ikasleen helburua da, proposamenak ordiziarrei azaltzea, erakustea eta herritarren iritziak jasotzea. Mikel Idiakez eta Saray Hernandez ikasleek nabarmendu zuten moduan, «guretzako oso aberasgarria da klasetik kanpo proiektu hau aukeratu ahal izatea. Ingurune hau herritarrek bere sentitzea nahi dugu, ikus dezatela bere osotasunean zein aukera dituen».
Trafikoan aldaketak
Fray Andres inguruko espazioa asteazkenetik astelehenera itxita egongo da, eta trafikoa ezingo da bertatik igaro. Horretarako, Alde zaharretik irteera Euskal Herria kaletik bideratuko da, eta Etxezarreta kaletik berriz, Gudarien etorbidetik behera.
Foruen Pasealekua eta Gudarien Etorbideko aparkalekuak ostiral arratsaldean eta larunbatean zehar beharren arabera hartuko dira, eta bi norabideetarako sarbideak antolatuko dira, Ordizia hoteletik eta Aita Urdaneta etxaldetik sartu eta irten beharko baita bi eremuetara.