INMA proiektua babesten jarraituko du udalak
Udalak eta Biodonostiak lankidetza hitzarmena sinatu dute.
Ordiziako Udalak eta Biodonostia institutuak hitzarmena sinatu dute aste honetan. Hitzarmen horrekin, beste urtebetez, INMA proiektuarekin Ordiziako Udalak duen konpromisoa berretsi nahi du eta 3.000 euroko ekarpena egingo dio udalak. Maitane Alvarez alkateordeak adierazi zuenez, «egiten duten lana eta azterketa gure herritarrentzako onuragarria da, eta gainera, beste hainbat ikerketa eta araudietarako lagungarria izan daitezke bertan agertzen diren emaitzak».
INMA proiektuan parte hartzen ari den Aitana Lertxundik esker hitzak izan zituen Ordiziako Udalarentzat, proiektuari bultzada emateagatik, «horrelako laguntza hauei esker proiektuak eta ikerketak aurrera jarraitu dezakeelako».
Hamasei urtez
Duela hamasei urte jarri zuten martxan INMA proiektua, Zumarragako ospitalean. Inguruak haurren eboluzioan duen eragina aztertzea da helburua.
Lertxundik berak azaldu zuen moduan, «bertara joaten diren haurdun dauden emakumeekin» hasi zuten ikerketa «duela 16 urte», eta oraindik «jarraitzen dugu haien umeak aztertzen».
INMA proiektuaren helburu nagusia da, «hainbat hipotesiri erantzunak» ematea, hain zuzen ere, ingurumenak nola eragiten duen osasunean. Horregatik «haurdunak animatu genituen, eta denboran zehar aztertu dugu zein eragin duen, haien bizilekuak, airean dagoen kutsadurak, ur kontsumoak, gune berdeak dituzten, eta horretaz gain, lagin biologiko ezberdinak aztertu ditugu ikusteko zer sustantzia dauden eta horiek ere, garapen fisikoan eta kognitiboan duen eragina aztertzeko».
Euskal Herri mailan Goierrin bakarrik ari dira garatzen proiektua. Euskal Herritik kanpo, Bartzelonan, Granadan, Menorcan eta Asturiasen ere martxan dago proiektua.