LABek Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako "neurri bereziak" eskatu dizkie
Atzo Idiazabalgo Urtsuaran auzoan 49 urteko langile bat hil zen basogintza lanetan. Sindikatuak salatu du sektore horren hilkortasun tasak "marka guztiak garaitzen" dituela.
LABek instituzioen “arduragabekeria” salatu du laneko heriotzen aurrean. Idiazabalgo Urtsuaran auzoan 49 urteko langile bat hil zen atzo basoan lanean ari zela. Basogintza sektorearen hilkortasun tasak “marka guztiak garaitzen” dituela esan du sindikatuak, eta Osalani eta Eusko Jaurlaritzari sektore horrentzako “neurri bereziak” eskatu dizkio berriz ere. “Oraingoan berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela”. Ohar bidez adierazi du Gipuzkoako kasuan basogintza enpresen bideragarritasuna “mugatua” dela, “nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru araua eduki”. Egur ustiapen intentsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen dela gehitu du, “etekinak lortu ahal izateko”: “Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ez egokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean”.
Euskal Herrian azken 48 orduetan bi lan istripu hilgarri izan dira. Idazabalgoaz gain, astelehenean Nafarroako Argedasen 26 urteko NACEX enpresako langile bat hil zen in-itinere istripuan. “Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exijitzen diegu”.