Lazkaon kiroldegi barruko igerileku eta aldagela berriak eraikitzen hasi dira
Tenis pistaren alderantz handituko dute Barandiaran kiroldegia. 25 metro luzeko igerileku berria kokatuko dute bertan, eta orain dagoena txikitu. Lanek 4 milioiko kostua eta 20 hileko epea dute
Lazkaoko Barandiaran kiroldegia handitzeko eta birmoldatzeko bosgarren fasea lehengo astean hasi ziren gauzatzen. Barruko igerilekuaren guneari eragingo dio oraingo berrikuntzak. Kiroldegian hegoaldera egon den tenis pista kendu, eta haren lekuan barruko igerileku berriarentzat eraikina altxatuko dute.
Igerileku klimatizatu horrek luzean 25 metro eta zabalean 12 metro izango ditu, igerirako sei kalerekin. Harmailak ere edukiko ditu. Hura hartzeko, erdisoto batean instalazioetarako gelak, eta gainean igerilekua izango dituen eraikina egingo dute, gaur egungo kiroldegiari itsatsita.
Horrez gain, aldagela berriak sortuko dituzte igerileku eremuan bertan, oraingo putzuaren eta aurreneko solairuaren tokiak baliatuz.
Barruko gaur egungo igerilekua neurriz txikitu eta eraberritu egingo dute. Ikastaroetarako erabiliko dute. Sauna zerbitzua, komunak eta sorosleen gunea ere leku berean egokituko dute.
Oraingoz garatuko ez bada ere, eraikin berriaren gainean beste bi solairu hazteko modua egongo da, etorkizunean.
20 hilabeteko lana
Udalak Iparragirre Eraikuntzak SL enpresari esleitu dio eraikuntza lana. Obraren kostua 4.035.274 euro gehi BEZa izango da. Aurreikuspenen arabera, lanek hogei hilabeteko iraupena izango dute; 2024ko udaberrira arte, beraz.
Kiroldegia handitzeko eta berritzeko lehenengo proiektuak 2009ko udaberrian hasi zituen udalak. Kanpoko igerileku berriak egitea izan zen lehen urratsa, 2010eko ekainean zabaldu zituztenak. 2011n ireki zuten 16 metro altuko desnibela gainditzen duen komunikazio dorrea, igogailuekin eta eskailerekin.
Hirugarren fasean gimnasio eta erabilera anitzeko areto berriak eraiki zituzten, oraingo barruko igerilekuen gainean. 2016an, azkenik, ekipamendurako 300.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak. Orain hasi duen kiroldegiko bosgarren fasea 2019-2023 agintaldiko garestiena du udalak.