Zintzo-Mintzo elkarteak Oletara irteera antolatu du iganderako
Zentral eolikoaren egitasmoa dela eta, arriskutan dagoen ondarea ezagutzera eman nahi du. Horrekin lotuta, Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak sinadurak bilduko ditu
Irimon eta Oletan zentral eolikoak egiteko asmoak hautsak harrotu ditu Urretxun eta Zumarragan. Aste honetan gaiarekin lotutako bi ekintza egingo dira: Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak Oleta eta Samiñora irteera antolatu du iganderako eta larunbatean Urretxu-Zumarraga plataformak egitasmoaren aurkako sinadurak bilduko ditu.
Zintzo-Mintzok Izazpi-Samiño-Oleta mendialdeak ezkutatzen dituen 42 elementu ezagutzera emango ditu. Zintzo-Mintzok hiru kultur ibilaldi egin ditu dagoeneko Urretxuko eta Zumarragako mendietan. Igandekoa laugarrena izango da. Berezia izango da, zentral eolikoen afera dela eta. «Izazpi eta Oleta arteko ibilaldi hau bigarren aldiz antolatuko dugu (lehendabiziko aldiz 2015ean egin genuen) eta bertako parajeen balio natural eta historikoaz jabetzea da helburua, parajeok arriskuan egon baitaitezke bertan eraiki nahi den zentral eoliko erraldoia eraikitzen bada», azaldu dute.
Gidaria, aurreko txangoetan bezala, Jonmikel Intsausti mendizale eta Zintzo-Mintzoko kidea izango da. Parte hartzaileak 07:45ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Izena emateko zintzo_mintzo@otamotz.eus helbidera idatzi behar da. Ostirala da horretarako azken eguna. Txangoa amaitzean parte hartzaile guztiei dosier bana banatuko zaie.
Udalari eskaera
Bestalde, Urretxu-Zumarraga Bizi! kolektiboak Irimo eta Oletako zentral eolikoen aurkako sinadura bilketarekin jarraituko du. Beitia martxaren egunean ehunka sinadura bildu zituen eta larunbat honetan kalera aterako dira berriro. 10:30etik 12:30era Zumarragako azokan egongo dira.
Horretaz gain, Zumarragako Udalari zentral eoliko horien kontra ager dadin eskatu diote, Urretxuko Udalak duela gutxi egin bezala. «Honekin guztiarekin, herriotan proiektu hauek duten onarpen eskasa islatu nahi dugu eta instituzioei benetako trantsizio ekologiko baterako neurriak hartzeko eskatzen diegu. Era berean, herritarrei parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu, gure esku baitago datozen hamarkadetarako bidea finkatzea».