Ataungo Arrondo auzoan festak asteburura aurreratu dituzte
Ataungo Arrondo auzoan San Joan bezperako eta ingurumariko festak izango dituzte. Lehen festaldia gaurtik igandera izango dute, eta, azkenik, ekainaren 23an herri afaria eta sua egingo dituzte.
Gaurko mahai-futbol edo futbolin txapelketak antolatu dituzte. Umeen 16. lehiaketarako izena 18:30ean eman behar da, eta helduen 23.erako 22:00etan. Haurretan lehen hiru bikoteek eta helduetan lauk jasoko dituzte sariak eta opariak.
Bihar, larunbata, mendi bizikleta proba egingo dute Baztarrikako zelaian, ibilbide bat atonduta, 11:00etan. 8 urte arte, 9-12 bitarte eta 13-15 bitarteko mailak bereizi dituzte, saritarako.
Ondoren, 12:00etan, zelai berean euskal artzain txakurren erakustaldia egingo dute. Arratsaldean, berriz, 28. Mus Txapelketa. Izena 16:00etan eman behar da, bikoteko 12 euro jarrita. Lau erregera eta hiru ustelera jokatuko dute. Aurreneko lau bikoteentzat daude sariak.
Ibilaldia eta toka igandean
Asteburuko azken festa-egunean, igandean, Olatara ibilaldia egingo dute, 09:00etan Lopetxeko zubitik abiatuta. Beaman hamaiketakoa egin, eta Loibe aldetik jaitsiko dira Arrondora.
Eguarteko ikuskizunak toka txapelketak izango dira, umeen 15.a 12:00etan eta helduen 27.a 12:30ean. Sariak jarri dituzte. Arratsaldean, 17:00etan hasita, ume jolasak izango dira; bukaeran txokolate-bizkotxo askaria.
Ekainaren 23ko herri afaria karpan egingo dute, Baztarrikako zelaian. Etxez etxe gaur pasatuko dira, zenbat lagun joango diren galdetzera eta kobratzera. 20:00etan kalejira, 20:30ean afaria, eta gauerdian San Joan sua egingo dituzte.













