Bakardadea «lehen mailako arazoa» da lurraldean
Hariak estrategia beasaindarrei aurkeztu zieten atzo. Aukeratu gabeko bakardadeari aurre egiteko plan bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioak diseinatu du, Gipuzkoako 77 udalen, 98 gizarte erakunderen eta tokiko eragileren, Osakidetzako sei ESIren, eta 20 enpresa eta berrikuntza-zentroren laguntzarekin.
Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria Beasainen izan zen. Usurbe Antzokian egindako ekitaldian azaldu zuen Hariakek auzia gizarteratzea eta belaunaldi ezberdinen arteko kidetzea sustatzea duela helburu: “Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna”. «Bakardadeari aurre egitea lehen mailako erronka da eta erronka sozial eta kolektiboa da». Leire Artola Beasaingo alkateak eta Malu Valles ongizate arloko zinegotziak ere parte hartu zuten.
San Sebastianek datuak eman zituen: 55 urtetik gorako gipuzkoarren heren bat bakarrik sentitzen da. Zenbat eta adin tarte zaharragoari erreparatu, datuak okerragoak dira; eta gipuzkoarrak geroz eta zaharragoak dira.
Belaunaldi ezberdinen arteko saretzea bultzatzeko ekimen ezberdinak egin zituzten. Bideluze plazan hamar eserleku jarri zituzten, elkarrizketa sustatzeko asmoarekin. Eskulanak egiteko aukera ere bazegoen. Haria zen guztien osagai nagusia. Bero sargoriak ez zuen askorik lagundu, dena den, eta mugimendu txikia izan zen Bideluzen.