Beasaindarra da Arabiako zaldirik ederrena
Aritz Aranburu S. G. C. Anubis zaldiarekin edertasun lehiaketetan aritzen da. Sari bat baino gehiago lortu dituzte. Atzerrira joan beharra izaten dute, Euskal Herrian zaletasun gutxi dagoelako.
Dotorezia zaldien berezko ezaugarria da. Bada, S. G. C. Anubis zaldi beasaindarra da dotoreen artean dotoreenetariko bat. Abarizketa Baserrikoa da eta bertako Aritz Aranburu da jabea. «Beti eduki dut abereekin tratua. 16-17 urterekin hasi nintzen gainean ibiltzeko zaldiekin. 2016an erosi nuen lehen zaldi arabiarra», oroitu du.
Anubis arabiar arrazako zaldia da. «Zaldi osoa da», deskribatu du jabeak: «Gainerako arrazak baino finagoak dira. Muturra, adibidez, oso markatua dute».
Trazuak zenbat eta markatuagoak eduki, edertasun lehiaketetarako mesede. Zaldia bost ikuspuntutatik puntuatzen dute: itxura orokorra, burua eta lepoa, enborra, gorputz adarrak eta mugimenduak; bakoitzean 20 puntu banatzen dira, eta guztiak batuta gehien duenak irabazten du. Adinaren arabera banatzen dira, eta multzo bakoitzeko garaileak elkarren aurka lehiatzen dira guztietan ederrena zein den ebazteko. Anubisek eta Aranburuk bi denboraldi daramatzate lehiatzen.
Sari bat baino gehiago atera dute: urrezko dominak lortu dituzte Lugon eta A Estradan (Galizia) aurten, 2-3 urteko mailan, ehun puntutatik 90 baino gehiago lortuta; Silledan (Galizia) bigarren amaitu dute bi urtez jarraian. Aranburuk txukun ditu zerrendatuta liburuxka batean, harro, aita baten pare.
«Galizian hemen baino zaletasun handiagoa dago. Euskal Herrian gutxi gara horrelako zaldiekin ibiltzen garenak», azaldu du. Sariak txikiak eta gastuak handiak direlako dio: bidaiak, zaldien beharrak, Aranbururen kasuan prestatzailea… «Santiago Garcia Calviño prestatzailearen esku uzten dut. Berak hezten du eta txapelketetarako prestatu. Berari esker ez da horren zaletasun lotua: familia dela, lana dela…», esplikatu du.
Prestatzailearekin udaberria eta uda egiten ditu. Urrian atzera Beasainera itzultzen da Anubis, eta negua Abarizketan igarotzen du. Anubisen arbasoak basamortutik etorri arren, bertako klimara «ondo» egokitzen dela dio. «Animalia gogorrak dira. Aterpe bat nahikoa dute».
Espainiako txapelketa
Galiziatik Beasainerako bidean Kordoban (Espainia) egingo dute geldialdia. Espainiako txapelketa jokatuko da bertan, urriko laugarren asteburuan. Iaz, bere mailan, lehen kanporaketa gainditzea lortu zuten, eta aurten ere hori dute helburu. «Zaila izango da», ohartarazi du. «Diru asko duen jendea lehiatzen da eta konpetentzia altua izaten da». Irabaziz gero, sasoia azarora arte luzatuko dute. Munduko txapelketa jokatuko da, Parisen.
Etorkizunerako bestelako asmoak ere baditu Aranburuk. Zelatu egingo du bere gainean ibili ahal izateko.