Egoera txarrean dauden zuhaitzak kenduko dituzte datorren astean
Mikel Deuna plazako Aranondo japoniarra, Kalbario ermita pareko gereziondo japoniarra, Errekarte inguruko arbustu japoniarra eta lehorrak dauden zuhaitzak kenduko ditu udalak.
Herriko zenbait zuhaitz kentzea erabaki du Idiazabalgo Udalak arazo ezberdinengatik. Datorren astean aranondo japoniar bat, gereziondo japoniar bat, arbustu japoniar bat eta lehorrak dauden zuhaitzak kenduko dituzte. Mikel Deuna plazan dagoen aranondo japoniarraren adar bat apurtu da, eta erortzeko arrisku handia dago. Prunus cerasifera ‘Pissardii’ espezieko zuhaitza da eta gaixo dago, lehen plazan zeudenak eta aldatu zirenak bezalaxe. Enborrean onddoak ditu eta goitik behera ebaki bat daukanez kendu egingo dute. Bikuña kaleko 12 zenbaki pareko plazatxoan, Kalbario ermita parean, Prunus serrulata espezieko gereziondo japoniarra erabat lehortu da eta termitak janda dago. Termitak ondoko zuhaitzetara ez zabaltzeko kendu egingo da.
Errekarte edo Loidi etxearen atzean dagoen Ligustrum japonica arbustua ere kenduko dute. Ez du nahikoa argi inguruan dituen gaztainondo handiengatik, eta egoera txarrean dago. Azkenik, lehorrak dauden zuhaitzak kenduko dira, bat Zepai kalean eta futbol zelai parean besteak.