Ekain Kulturala datorren astean amaituko da, irakurleen tertuliarekin
Ormaiztegiko Udalak herriko eragile eta elkarteekin elkarlanean antolatutako Ekain Kulturala amaitzear dago. Hilabete osoan jarduerak izan dituzte herritarrek. Atzo Marina Landa bakarlariak kontzertua egin zuen karpan, eta gaur Txindata Musika Eskolako ikasleek herrian emango duten azken kontzertua izango da, elizan. Egitarauko azkeneko ekintzak datorren astean egingo dira: gazte irakurleen tertulia, batetik, eta San Joan bezperako sua, bestetik.
Asteazkenean liburutegiko belardian elkartuko dira gazte literatura tertuliako kideak, 17:00etan. Ane liburua landuko dute Alaine Agirre liburuaren idazlearekin. Gauen, aldiz, San Joan bezperako ospakizuna egingo dute, 22:00etan, Kutxa atzealdean.
Loreen sariketa
Bi ekimen horiekin agurtuko dute aurtengo Ekain Kulturala. Ostiralean, baina, Ormaiztegi Lorez sariketako sariak banatuko dituzte. Martxan da dagoeneko lehiaketa. Hilaren 15etik 23ra arte etxeetako leihoak eta balkoiak eta baserrietako eta ostatu eta tabernetako sarrerak apainduta izango dituzte parte hartu duten herritarrek. Tarte horretan Ormaiztegiko Udalak politenak eta orijinalenak zeintzuk diren baloratuko du, eta ostiralean, hilaren 24an, irabazleek sariak jasoko dituzte.













