Lazkaon eta Urretxun Dantzari Txiki egunak ospatuko dituzte igandean
Oin-Arin taldeak Lazkaon antolatu duen festara sei talde joango dira. Lurraren Urretxuko topaketara, beste zazpi talde. Goizean desfileak eta dantzak egingo dituzte, eta arratsaldean erromeria
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/06/2022-06-17-p005_f01.jpg)
Bi herritan dantza egingo dute haur dantzariek, igandean. Lazkaon eta Urretxun Dantzari Txiki Egunak antolatu dituzte Oin-Arin eta Lurra taldeek, hurrenez hurren.
Lazkaon sei talde elkartuko dira, Oin-Arin anfitrioi dela. Oin-Arineko dantzari batzuk, Amets-Bide (Ordizia) eta Aurtzaka (Beasain) taldeek osatutako multzo bat Areria, Hirigoien eta Lazkao Txiki Zelaian ibiliko dira.
Beste multzoa, Oin-Arin, Irrintzi (Urretxu-Zumarraga), Berriztasuna (Portugalete) eta Tobera (Zegama) taldeekin, Areso, Txindoki egoitza eta Jose Lasa Parkera joango da.
Dantzariei 10:30ean egingo diete harrera, Lazkaoko plazan. Hamaiketakoa jan, eta 11:00etan abiatuko dira kalejiran. Atzera plazan 13:00etan bilduko dira, alarde bateratuan guztien artean zazpi dantza egiteko.
Dantzari guztiek bazkaria plazako frontoian izango dute. Arratsaldean, Ttipika taldearekin dantza gidatuak izango dituzte, 17:00ak arte.
Urretxun zazpi talde
Igandean bertan, Urretxun, Lurra taldearen 42. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute. Zazpi taldek parte hartuko dute: Aurtzaka (Beasain), Andra Mari (Galdakao), Korosti (Legazpi), Etorkizuna (Altsasu), Irrintzi (Urretxu-Zumarraga), Danzas de Logroño (Logroño, Espainia) eta Lurra (Urretxu).
Goizean 12:00etatik 13:30era dantza egingo dute. Pagoetatik Gernikako Arbola plazara kalejira egingo dute. Arratsaldean, 17:30ean, dantza saioa egingo dute Gernikako Arbolan. Eguraldi txarra eginez gero, pilotalekuan bilduko dira.