Nazioarte mailara jauzia egingo du Jose Antonio Peña mitinak
Bihar, larunbata, 17:30etik aurrera jokatuko da, Ordiziako Altamira estadioko pistan. Auntolakuntza taldeak iragarri du mundu mailako markak ondu daitezkeela
Nazioarte mailara jauzia eginda dator, Ordizia Sari Nagusia Jose Antonio Peñaren omenezko atletismo mitina. Aurten ere, nola ez, Txindoki Atletismo Taldearen ekimenez eta klub urdinaren familia handia osatzen duten kideen esfortzuarekin antolatu dute, beti ere, atletismoari merezi duen tokia eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin, eta bide batez, Ordizia bezalako herri batean, goren mailako kirol ikuskizun batez gozatzeko aukera zabaltzeko, baina gainera, eta probaren izenak berak iragartzen du, Jose Antonio Peñari omenaldia egitea. 2015ean hil zen, bizitza osoa atletismoari eskaini ondoren.
Jose Antonio Peña atletismo mitina, bihar, larunbata, jokatuko dute Ordiziako Altamira estadioko pistan, 17:30etik aurrera. Publikoak Altamiran bertan ikusi ahal izango du, baina zuzeneko emisioa ere egingo dute. Txindoki AT-ren webgunean eta Goierriko Hitza-ren webgunean ere ikusi ahal izango da. Eneko Agirrezabal Txindoki taldeko lehendariak, Egoitz Iztuetarekin eta Gorka Satrustegirekin batera Hotel Ordizian, atzo egin zuten agerraldian azaldu zuenez, «nazioarte mailako egutegian sartuko da lehenengoz proba». Nazioarteko Federazio Continental Tour izeneko ligan sartu da. Maila desberdinak daude, eta Ordiziakoa, Challenge mailan dago.
Orain arteko bost edizioak, estatu mailakoak izan dira, beraz, «jauzi handia» suposatuko du seigarrenak. Izan ere, estatu mailan ezaguna zen proba, baina aurten, «Europa mailan proiekzioa» izango du.
Estatu mailako izatetik, nazioarte mailako izatera igarotzeak suposatuko du, antidopin kontrolak egin beharko dituztela. Horrez gain, proban parte har dezaketen nazioarte mailako atleten kopuruak ez duela mugarik izango. Estatu mailakoa izan den bitartean, kopuru hori mugatua zen.
Txindoki Atletismo Taldearentzat erronka handia da horrelako proba bat antolatzea. Estatu mailako mitin garrantzitsuenen artean egoteaz gain, Euskadin egiten den bakarra da Jose Antonio Peñaren omenezkoa.
Partaideak
Mitinaren barruan egingo diren probak dira, emakumezkoen kategorian, 100 metro, 400 metro, 800 metro, 1.500 metro, eta pertiga jauzia.
Gizonezkoen probak berriz, emakumeen distantziak, gehi 5.000 metrokoa, eta luzera jauzia. Horiez aparte, mitineko proba ofizialak ez diren beste batzuk ere sartu dituzte. Jauzi hirukoitza eta 4×100, emakumezkoenak biak.
Gainera, haurren probak izango dira, benjamin eta alebin mailakoak, eta kuadrillen arteko 4×400 lasterketa. Azken horretan herriko eta inguruko jendeak parte hartzen du eta giro polita sortzen da.
Probak horiek, eta partaideen artean, izen handiak. 100 metrotan adibidez, Carina Horn hegoafrikarra mundu mailako marka duena. 400 metrotan, Barbara Camblor asturiarra iazko mitineko irabazlea. 1.500 metrotan Judith Otazua bizkaitarra, mitineko errekorra egiteko aukera handiak dituena. Eta gizonezkoen artean berriz, 100 metrotan, Carlos Andres Palacios kolonbiarra mundu mailako marka egin dezakeena. 1.500 metrotan Paul Moya andorrarra, edo 5.000 metrotan Diago Cuadrado cantabriarra. Horiek eta aipatu gabe geratzen diren beste asko, sorpresa handiak eman ditzaketenak.
Aipatu, aurten ere erbiak izango direla, erdi-fondo eta fondoko probetan. 800 metrotan adibidez, eta munduko txapelketarako gutxieneko denborak lortzeko erritmoa ipiniko dutela..
Sari garrantzitsuak
Beti ahalegintzen dira sari potoloak banatzen, eta antolakuntza taldeak adierazi duenez, «aurten esfortzu berezia» egin dute, sariak erakargarriak izan daitezen.
Orain arte, proba bakoitzeko lehen sailkatuari ematen zioten saria, eta aurten, proba bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute. Horrez gain, beti ematen dituzte, bertako produktuak, eta aurten ere, hala egingo dute.
Ordizia Bizi Herria saria izango da aurten ere, Ordiziako Udalak eskaintzen duena. Sari hau, mitin guztian marka onena lortzen duten emakumezkoari eta gizonezkoari emango zaie.
Sari bereziak izango dituzte, errekorra hausten dituztenek; munduko errekorra hausten duenak, diru sariaz gain, Autowag-ek emandako Audi Q2 kotxea eramango du.
Kuadrillen arteko erreleboetan ere izango da saria. Irbazleentzt, lau afari Ordizia Rugbi Taldeak antolatzen duen garagardo azokan, bigarrenari, lau bazkari Hotel Ordizian, eta hirugarrenari, Errealeko atletismoko lau kamiseta.