Zazpi taldetako herritarrek 24/7ri atxikimendua eman diote
Baserritar, kirolari, irakasle, sindikalista, merkatari, gazte eta artisten babesa lortu dute. ESIko arduradunekin bilera eskatu dute, Sagarduik aipatutakoaz hitz egiteko
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen alde lan egiten duen 24/7 plataformak zazpi kolektibo aukeratu eta horietako bakoitzean 24 atxikimendu lortu ditu. Zazpi kolektibo horiek ondorengoak dira: baserritarrak, kirolariak, irakasleak, sindikalistak eta langileak, tabernariak eta dendariak, gazteak eta artistak.
Atxikimendua eman duten 168 lagun horiek ondorengo testua sinatu dute. «Izenpetzen duenak bat egiten dut 24/7 plataformaren aldarrikapenarekin: Osasun arloan murrizketarik ez onartzea eta Zumarragako EAG zerbitzuaren aurreko egoerara itzultzea. Zerbitzuaren irekiera eta pazienteari arreta 24 orduz, asteko zazpi egunetan. Izan ere, eskualdeko funtsezko zerbitzua baita, bere kokapenagatik eta paziente kopuruagatik. Osasuneko sailburuari eta erakundeetako arduradunei irmoki eskatuz proposatutako helburua lortzeko eman beharreko urratsak egin ditzatela».
Atxikimenduak asteazken arratsaldean aurkeztu zituzten, Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldian, eskaera sinatu duten lagunetako batzuekin batera, beste herritar askok parte hartu zuten.
Lanaren balorazioa
Plataformako kideek, atxikimenduen berri emateaz gain, orain arte egindako lanaren balorazioa egin zuten. «Hemen bildu gara ikasturteko azken ekitaldia burutzeko. Irailean indarberrituta etorriko gara. Zumarragako EAG berriro irekitzeko 24/7 plataforma 2020ko urrian sortu zen. Urte eta erdi baino gehiago daramagu lanean osasun zentroko larrialdiak berriro ireki daitezen. Konfinamenduan itxi ziren eta larunbat, igande eta jai egunetan soilik jarri dira berriro martxan, 09:00etatik 21:00etara. Eta hori herritarren eskaerengatik lortu zen. Zuekin lortu dugu eta berrirekitzea lortuko dugu. Sare handi bat lortu dugu. Eskerrik asko».
Egindako lana gogoratu zuten. «Beste herri askotan ere plataformak sortu dira eta antzeko aldarrikapenak egin dituzte. Harro esan dezakegu lanean jarraitzen duen plataforma zaharrena garela. Lan asko egin dugu: kontzentrazioak, manifestazioak, banderolak balkoietan, udalen atxikimendua, sailburuari eskutitzak (hirugarrenean erantzun digu), kanpaldiak, legebiltzarrean agerraldia… Asko egin dugu, baina jarraitu behar dugu».
Sagarduiren erantzuna
Izan ere, larrialdi zerbitzua «ezinbesteko» zerbitzua da Goierri garaiko pertsona guztiei behar duten unean larrialdiko osasun arreta bermatzeko. «Orain arte, edozein pertsonak laguntza hori behar zuenean, Beasainera joan behar zuen. Baina Sagardui andereak bere eskutitzean esan digun bezala, ospitalea hortxe dugu. Beraz, denok ospitalera! Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) arduradunarekin hitzordua eskatu dugu jakiteko zein den ospitaleko larrialdi zerbitzuaren egoera eta ea bat egiten duten sailburuak dionarekin», azaldu zuten.
Plataformakoek argi dute anbulatorioko larrialdi zerbitzua ere beharrezkoa dela. «Osasun zentroko larrialdi zerbitzua desegiteak gure eskualdeko lehen mailako arreta asko ahultzea dakar. Zerbitzu hori oso ahulduta dago pandemiaren eta ondorengo erabaki politikoen ondorioz. Osasun sistemak aurreikusi behar zuen zetorkigun egoera, hori baita beraien lana. Eta gure pertseberantziari eutsiz, 24 ordu/24 lagun kanpaina egiten ari gara, herritarren laguntza sareak lortu ahal izateko».