Javi Menta andoaindarrak eta Edurne Arakistain legorretarrak irabazi dute Legorretako 42. Korpus Krosa
Beroak bero, 115 korrikalarik parte hartu dute helduen korrika proban. Aurrez, haur mailetako beste hiru lasterketa jokatu dira.
Legorretako Korpus festa-eguneko 42. Krosa jokatu da gaur goizean. Helduen proba nagusian, 11:30ean hasita, 115 korrikalarik parte hartu dute. 7,5 kilometroko ibilbidea izan dute, tartean aldapatxo batzuek zaildutakoa. Hiru bira eman dizkiote kalearen inguruko zirkuituari, Bilkoin elkarte antolatzailearen parean irten eta udaletxe parean helmugaratuta.
Bero handia izan dute korrikalarik une oro. Hidratatzeko eta ura edateko deialdia behin baino gehiagotan egin behar izan dute. 11:30ean, korrika abiatu direnean, 34 graduko beroa zegoen. Hala eta guztiz, ondo erantzun dute korrikalariek, eta pare bat besterik ez dira erretiratu.
Maila nagusian, Javi Menta andoaindarrak irabazi du (24:47). Baldintza gogorrak izan arren, Ibon Espartzak daukan 23:48 minutuko errekorretik minutu bat bakarra gehiago behar izan du. Gizonezkoetan, bigarren Iñigo Exposito sartu da (25:02), eta hirugarren Aritz Garin billabonarra (25:28). Laukote batek gidatu du lasterketa, hasieratik.
Emakumezkoetan, legorretar bat izan da irabazle: Edurne Arakistain. 33:42 minutuan geratu du kronoa, Ainhoa Sanz urretxuarrak 2010etik daukat 27:26ko markatik urrun samar. Baina pozik eta hunkituta sartu da helmugan Arakistain. Olatz Freirek (37:00) eta Intza Amenabarrok (38:24) osatu dute nesken podiuma.
Aurretik, haur mailetan hiru lasterketa izan dira. Alebinetan Haitz Lasa eta Alize Cerri, infantiletan Xabat Larrea eta Uxune Amondarain, eta kadetetan Iker Intsausti eta Ainhoa Aseginolaza neska-mutikoak suertatu dira garaile.
Argazkiak: Aimar Maiz