Kanpoko merkatuetan hazteko erronka finkatu du Goierri Valley elkarteak
Goierri Valley elkarteak urteko Ohiko Batzar Orokorra egin du. Lehiakortasuna ziurtatzeko ETE-ak ahalduntzea izango da erronka.
Goierri Valley Elkarteak 2022 urteko Ohiko Batzar Orokorra ospatu du, Ordiziako Barrena jauregian. Bost urte bete ditu elkarteak aurten, eta horren aitzakian, modu oso berezian amaitu zen bilkura, Virginia Imaz Clown-ek umorez jositako monologoa egin zuen.
Ekitaldiko gai nagusiak 2021eko Ekintzen Memoria eta Balantze Ekonomikoaren onarpena eta etorkizuneko proiektu nagusien berri ematea izan zen. Josean Guerra (GH) Goierri Valleyko lehendakariak, Eider Iztueta (Aiztgorri SL) diruzainak, eta Iker Galparsoro (Goieki) elkarteko idazkariak izan ziren batzarra gidatu zutenak.
Covid-19aren krisiak markatutako 2020. urtea pasata, 2021 urtea oraindik “enpresentzat nahiko konplexua” izan zela azaldu zuten. “Susperraldi ekonomikoari esker, lana izan” dutela, baina, “lehengaien eta energiaren prezio altuek, Asiako ekialdeko herrialdeetan produktuak pilatzeko faltak eta garraioaren prezio handiak baldintzatu dute enpresen jarduera”. Horrek guztiak, eragin zuzena izan du, “salmenta prozesuak zaildu ditu, eta ezinezkoa izan da epe laburrean aurreikuspenak betetzea”.
Testuinguru horretan sortu diren “ezustekoek” elkartearen funtzionamendua baldintzatu duela gaineratu zuten, “askotan ezinezkoa izan baita enpresen parte hartzea”.
Dena den, proiektu garrantzitsuak garatu zituzten 2021an. Horietako bat da, Maurizio Uharterako ospitale modularraren proiektua. Horren barruan, Gipuzkoako hamabost enpresak baino gehiagok hartu zuten parte, eta horietako sei, Goierri Valleykoak ziren.
Beste proiektu bat da, mugikortasun berriaren esparrukoa. Egon daitezkeen aukera-eremuak eta horietan Goierri Valleyk zein zeregin izan dezakeen identifikatu ondoren, Goierrin bertan mugikortasun berriarekin lotutako proiektuak garatzeko espazioak sortzeko bidean daude.
Eraldatuz proiektuaren baitan, enpresetako pertsonen garapen, lidergo eta etengabeko hobekuntza lantzen ari dira, baita, lanpostuen antolaketa, harrera plana edota hautaketa prozesuen azterketa egiten ere.
Formakuntza ere garrantzitsua da Goierri Valleyrentzat, eta 2021 urteko azpimarragarrienak dira, Kudeaketa Orokorrarekin lotura duena, eta bestetik, merkaturatzea. Honakoak, Berrabiarazi ekimenaren markoan kokatzen dira.
Aurrekontuei dagokienez, nabarmendu zuten Goierri Valley Elkarteko bazkideek jarri duten euro bakoitzeko 5,64€ kudeatu direla. Diru gehigarri hori, udaletatik eta proiektuak garatzeko diru laguntzetatik lortu da.
Etorkizunean, hazi eta ireki
33 enpresekin hasi zen Goierri Valley elkartea eta gaur egun 72 erakunde biltzen ditu. Bost urte hauetan “lan asko” egin behar izan dute, “gehienbat elkartea kontsolidatzeko”, egindako ibilbidea, aberasgarria izan denez, bazkideek konpromisoa berretsi dute, eskualdeko eraldaketa industrialaren motorra izateko helburuarekin.
Bide horretan, eta nahiz azken bi urteak “gogorrak” izan diren Goierriko enpresentzat eta Goierri Valleyrentzat, testuinguru berrira “egokitu” eta garrantzitsua ikusi dute, bosgarren urteurrenean, “begirada etorkizunean jartzea”. Hala, 2025 urteari begira, estrategia berri bat landu du elkarteak, baliabide desberdinei esker posible izan dena, hala nola, Europa, Euskadi eta Gipuzkoako politiketatik eratorria, barne informazioa, plan estrategikotik, kudeaketa plan eta memorietatik, aurrez egindako proiektuetatik, asebetetze inkestetatik eta eskainitako proiektuetatik atera dena, enpresa bazkide eta ez bazkideei egindako inkestetatik eta bazkide diren ETE eta traktoreetako ordezkariekin Goierri Valleyko lankideak egin dituzten lan saioetatik lortu da. Guztira 60 enpresak parte hartu dute estrategia 2025 lanketan.
Estrategia berriaz gain, elkarteko bisioa ere berrituta datorrela nabarmendu dute; “kanpora ireki eta hazi” nahi du Goierri Valleyk. “Goierriko industriaren eraldaketa bultzatzen duen erreferentziazko industria-aliantza izatea du helburu orain elkarteak”.
Erronka berriak bi norantzatan definitu dituzte, “enpresei zuzendutako erronkak eta elkarteko barne erronkak”. Lehenengoak helburu du, ETEak ahalduntzea haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko, talentua erakartzea, ekintzailetza babestea eta lankidetza sustatzea, eta barne erronkak, elkartea kanpora irekitzea eta elkartearen erakargarritasuna bultzatzea izango dira.
Horretarako, hainbat proiektu dituzte esku artean, hala nola, Hub 4.0 eta Digitalizatu, industrian eta teknologietan eraldaketa digitala bultzatuko dutenak; Organizaciones ambidiestras izeneko proiektua, esplorazioa eta ustiapena orekatzen dituzten erakundeak garatzeko ezagutza eta tresnak ematea ahalbidetuko duena; eta Munduan, enpresen nazioartekotzea bultzatuko duena.
Umorea ekitaldia amaitzeko
Aurtengo batzarra, ezohiko moduan bukatu zen. Virginia Imaz Clown-ak umorez jositako bakarrizketa egin zuen. Elkartearen bosgarren urteurrena ospatzeko jarri dioten ukitu berezia izan da.