Aralar parke naturaleko 25 hektarea erre dira
Arastortz inguruan sua piztu zen larunbat goizean, Ataun, Lazkao eta Zaldibia inguruan. Aralarko Parke Naturalari ere eragin dio. Garrak itzalita, kalteak neurtzeko garaia da
Arastortz mendiak su hartu zuen larunbat goizean eta igandeko 20:00ak arte ezin izan zuten «erabat» itzali. Atzo goizeko ordu txikietara arte zaintza-lanean aritu ziren larrialdi zerbitzuko kideak, garrak berpiztu ez zitezen. 25 hektarea inguru erre dira denera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Ataungo, Lazkaoko eta Zaldibiako lurrei eragin die, eta Aralarko Parke Naturalari ere bai. Harkaiztiak, otadiak, nahiz landaketa eta hostozabalen zenbait baso erre dira, bereziki.
Igande iluntzean tenperaturak behera egin zuen eta gauean lanbroa egin zuen. Horrek, suaren aurkako lanak erraztu zituen. Sua zerk edo nork piztu zuen ikertzen eta eragin dituen kalteak neurtzen ari dira orain. Zaldibiako Udalak aipatu du ez dela lan erraza izango. Aldundiak astebetetik gorako epea beharko dela kalkulatu du. Martin Aramendi Ataungo alkatearen esanetan, sua itzaltzen aritu direnen arabera, sua «nahita edo norbaitek» piztutakoa izan da.
Sua itzaltzeko lanetan Mendi eta Natur Inguruneko foru zuzendaritzako hiru teknikari eta sei basozain, baso suteen aurkako brigadako 30 lagun eta Ordiziako eta Legazpiko parkeetako 25 suhiltzaile, hiru sarjentu eta ofizial bat aritu ziren. Josu Idigoras Gipuzkoako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu foru zuzendari nagusia ere bertan izan zen larunbatean eta igandean sutearen eboluzioa bertatik bertara jarraitzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak guztien lana eta ahalegina aitortu zuen, bi bider. Inguruko baserritarrentzako eta laguntzeko prest agertu diren herritarrentzako ere esker oneko hitzak izan zituzten.
Ataungo eta Zaldibiako udalek ere guztien lana eskertu dute, baina «baliabide gabezia» eta «antolamenduan eta protokoloan hobetu beharreko puntu dezente» salatu zituzten. Helikopteroa mobilizatu ez izanaz kexu dira, esaterako. Kalteak txikitu zitezkeela sinetsita daude. Ataungo Udalarentzat «komenigarria» da «muturreko beroaldiak iragartzen dituztenean baliabide gehiago prest izatea eta hobeto antolatuta egotea». «Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta espero dezagun honetatik ere ikasiko dugula zerbait».
Zaldibiako Udalak ere «prestutasun osoa» agertu zuen «hobetu beharreko puntuak lantzeko eta ekarpenak egiteko».
Aralar bizirik plataformak ere gertatutakoa argitzeko eskatu du, «sekulako hondamendia» izan baita beraien ustez. «Balio ekologiko handiko gunea, erreserba barrutia eta hegaztien kumatze garaia» dela gogorarazi dute.
Kalte pertsonalik, ez
Larunbatean suhiltzaile bat artatu behar izan zuten, bero kolpea izan zuelako. Osasun arreta jaso ondoren, egoera onean da. Inguruko baserritarrek ez zuten alde egin beharrik izan.
Aralarren herenegun beste sute bat izan zela ere zabaldu zen, Igaratza inguruan, Beaskin mendian. Aldundiko erretenak ez zuten surik topatu, halere.