'Guztiok gara migratzaile' erakusketa inauguratu dute Ormaiztegin
Zumalakarregi Museoak San Andres ikastetxeko Lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleekin elkarlanean egindako aldi baterako erakusketa da. Uztailaren 17ra arte egongo da ikusgai
Guztiok gara migratzaile aldi baterako erakusketa inauguratu dute Zumalakarregi Museoan. Ormaiztegiko San Andres ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek 2021-2022 ikasturtean migrazioa landu dute eta erakusketaren bidez egindakoa jendarteratuko dute. Museoaren eta ikastetxearen arteko elkarlanaren emaitza da erakusketa. Migratu duten lau herritar elkarrizketatu eta haien bizipenak jaso dituzte ikasleek proiektuan. Museoak 2018an hasitako Migrazioak proiektuaren barruko hezkuntza arloko erakusketa da Guztiok gara migratzaile. Nerea Barquero tutorearekin batera, Aitor Arrietak, Amets Etxezarretak, Hodei Fernandezek, Markel Irastorzak, Maier Larrañagak, Uxue Leturiak, Larraitz Maiorak, Inar Mazorriagak, Yousra Nachidek, Endika Sanchezek eta Naxara Suarezek parte hartu dute. Elkarrizketatuei dagokienez, Ormaiztegin bizi diren Yameliel Cuza kubatarrak eta Jaqueline Torres eta Enrique Torres ekuadortarrek eta Berlinen bizi den Ainhoa Idiakez ormaiztegiarrak parte hartu dute.
Uztailaren 17ra arte
Lau panelek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute erakusketa. Panel nagusian proiektuaren nondik-norakoak aurkezten dira, eta beste hiruretan elkarrizketatuek azaldutakoak. Uztailaren 17ra arte egongo da bisitagarri Zumalakarregi Museoan.