Hasi berri edo 20ko, denak gazte
Gazte mugimenduen bi eredu dira, baina funtzio bera dute. Urretxu-Zumarragako Gaztetxeak 20 urte bete eta ospatu ditu, eta Ormaiztegin lehen gazte festa egin dute. Lotura, gaztetasuna.
Iheskorra da oso gaztetasuna, baina denboran errepikakorra. Belaunaldiak zahartu ahala, atzetik kimu gazteak ernetzen dira, eta haiek hartzen dute hostatutakoen tokia, freskura, bizitasuna. Antzeko zerbait irudikatu dute asteburu honetan Urretxu-Zumarragan eta Ormaiztegin. Bi aro, bi ontze fase oso bestelako, bi garai ere bai agian. Baina izendatzaile komuna bat eta bera: gaztetasuna, eta herrigintzaren baitan gazteria antolatzeko saiakera, premia.
Urretxun, Urolako Tren zaharraren geltoki gaztetxetuan, Urretxu-Zumarragako Gaztetxearen 20. urteurrena zuten ospagai. Ikamikak izan dituzte aurretik udalarekin, bazkaritarako tokiak eta baimenak gora-behera. Baina, eguna iritsita, pentsatutakoa egin dute: gaztetxearen hogei urteak oroitu, aldarrikatu eta gozatu.
Kalean txarangakoekin kalejiran ibili ziren eguerdian, eta gaztetxearen atzealdean, itzalkien azpian egin zuten bazkaria. Kontzertuak, parranda eta giroa, aspertu arte gero.
Ormaiztegin, hasiera
Hamar kilometro beherago, Ormaiztegin, eta une beretsuan, Harrikalariak gazte asanbladak I. Gazte Eguna zuen elkartzeko aitzakia. Plazako karpan zintzurra busti, eta Zubipe kiroldegira joan ziren. Kuadrillen arteko jokoak —jolasa gehiago zen, noski— eta bazkaria egin zituzten. 80 bat lagun bildu ziren.