LGTBI diagnostikoa aurkeztu dute Legorretan
Duela urtebete martxan jarritako prozesutik etorri da Bizigarri diagnostikoa. Herriaren argazki erreala bilatu eta indarkeria-egoerak desagertzeko neurriak jarriko dituzte.
LGTBI+ pertsonen egoeraren argazki argi eta erreala bilatzeko, lanketa sakon bat abiatu zuten Legorretan duela urtebete. Horren emaitza da Bizigarri izenburu duen diagnostikoa, iragan ostiralean herriko plazan aurkeztu zutena. Zelai Amenabarro alkateak esan du, aurrerantzean emango diren urratsen abiapuntua dela, hala, indarkeria-egoerak desagerrarazteko neurri zehatzak martxan jartzeko konpromisoa agertu du.
Diagnostiko hori Sudergintza eta Hiruki Larroxa kooperatibek egin dute, Legorretako LGTBI+ pertsonen, eskolako irakasleen, udal langileen eta udalerriko eragileen testigantzak jasota, eta sei dimentsio aztertuta; espazio publikoa, aisialdia, sexilioa, hezkuntza, osasuna eta lana.
Ondorioak
Sudergintzako ikertzaile eta txostenaren egile Zuriñe Rodriguezek adierazi du ondorioak argiak direla: «Ikusgarritasuna zaila da, baina Legorretan libre bizitzeko nahia handia da». Hala, Legorretan ohikoa da zentzuzko migrazio behartua egitea, besteak beste. Azaleratzen du baita ere, LGTBI+ pertsonen itotze- eta isolamendu-sentsazioa, Legorretaren txikitasuna dela eta. Hala ere, hiri handietako etxebizitzaren egoerak, eskuin muturreko diskurtsoaren gorakadak eta herri txikietako bizi-kalitateak LGTBI pertsonentzako Legorreta aukera ere bada.
Gauzak horrela, udalak, bere aldetik, diskriminazio edo indarkeria oro iraultzeko eta LGTBI komunitatea erdigunean jartzeko konpromisoa hartu du. Bide horretan neurri zehatzak iragarri dituzte.