Olaberriko jaiekin, uda
Ostegunetik igandera ospatuko dituzte San Joan festak. Suaren ekitaldia izango da erdigunea lehen jardunaldian. Zopilotes Txirriaos eta Neomak taldeek joko dute ostiralean eta zapatuan
«Aspaldiko partez», San Joan jaiak ospatzeko moduan dira olaberritarrak. Lau egun bete-beterik izango dituzte, aurreko bi urteetan pandemiak eragotzitakoa berreskuratzeko. Ekainaren 23tik 26ra, ostegunetik igandera, izango dira sanjoanak.
Jai Batzordean antolakuntzan aritu diren herritarren inplikazioa «aurten bereziki» nabarmendu du udalak festa-egitarauan, «dena egoki eta ondo prestatzeko». Urte guztiko lanetan tarte bat atsedenerako eta aisiarako hartu, eta festez gozatzeko deialdia egin dute.
Ohitura duten bezala, San Joan bezpera eta eguna bera izango dira mardulenak, ekitaldiei dagokienez. Ekainaren 23a egunean zehar umeentzako gozagarriekin hornitu dute, eta gaueko osagai nagusia sua izango da. Musikariekin eta herriko artistekin osatuko dute haren inguruko ekitaldia. Ikustera joateko murrizpenik ez dago aurten.
Loreen «bilkura» ere mantendu dute, garai bateko bedeinkapenaren ordez. San Joan suaren piloaren inguruan bilduko dituzte lore sortak, arratsean.
Juniorren Gipuzkoako Itzuliko txirrindulari etaparen faltan, pilotak hartuko du kirol eremuaren handiena. Eskua, pala, frontenisa eta erremontea ikusteko aukerak jarriko dituzte. Tartean, Gari Arrietaren agurrekoa izango den pala jaialdia, Olaberriko taldekoen eskutik.
Bolateak, herri kirolek eta krosak ere tokia izango dute.
Zopilotes Txirriaos
Musikarik ez da faltako Olaberrian. Lehenengo gaua Distopia elektrotxarangak alaituko du, suaren ondoren. Ostiralean Zopilotes Txirriaos talde nafarra ariko da, beren azken diskoa, La chica maravilla, aurkezteko biran. Larunbatean, zazpi neskak osatzen duten Neomak folk taldeak egingo du emanaldia.
Jan-edanerako uneak egunero egongo dira: haurren bazkaria 23an; hamaiketakoa, patata-tortilla lehiaketa eta herri afaria 24an; Eusko Labeldun txerriki afaria 25ean; eta pintxoak sagardoarekin 26an.
Olaberriko festak 2022
OSTEGUNA, EKAINAK 23
· 11:00. Puzgarriak umeentzat.
· 14:00. Haurren bazkaria.
· 15:00. Jolas parkea.
· 16:00. Jolasak, Zagupe taldea.
· 18:00. Fronteniseko finala.
· 18:30. Marrazki sari banaketa.
· 19:00. Lore bilkura, plazan.
· 19:30. Txupinazoa eta San Joan arbola zutitzea.
· 22:30. San Joan sua, dantzari eta txalapartariekin.
· Ondoren. Distopia elektrotxaranga.OSTIRALA, EKAINAK 24
· 11:00. Meza.
· 11:30. Hamaiketakoa, bertsolariekin.
· 17:00. ‘Magma mia’ antzerkia.
· 19:00. Patata-tortilla lehiaketa.
· 20:30. Herri afaria.
· 22:30. Zopilotes Txirriaos taldea.LARUNBATA, EKAINAK 25
· 11:00. Gaztetxoen San Joan pilota txapelketako finalak.
· 13:00. Olaberriko pilota taldearen erakustaldiko partida.
· 17:30. Zunba master-classa.
· 18:30. Herri kirolak eta trikitia.
· 20:30. Txerriki jana sagardoarekin.
· 23:00. Su artifizialak.
· 23:30. Neomak taldea.IGANDEA, EKAINAK 26
· 10:00. Bola txapelketa.
· 12:00. Erremonte partidak.
· 17:00. Herri krosa: haurrena eta helduen mistoa.
· 19:00. Pintxoak eta sagardoa.