Ataungo faunaz, floraz eta astronomiaz erakusketa jarriko dute
Ataungo flora, fauna eta astronomia argazki-erakusketa gaur zabalduko dute, eta larunbatera bitartean ikusgai egongo da, Ataungo udaletxeko ganbaran. Joxanjel Imaz Aizpuruk ateratako lanekin osatu du erakusketa Atauniker kultur elkarteak, herriko ondarea ezagutarazteko beste saiakera batean.
Natura eta argazkigintza zaletasun ditu Imazek, eta urtetan egindakoaren entresaka bat aukeratu du Ataungo erakusketarako. Udalerriko lurretan erretratatutako animaliak, landareak eta zerua ikusi ahalko dira.
Irekiera ekitaldia, gaur
Erakusketaren irekiera ekitaldia eta aurkezpena gaur 19:00etan egingo dute. Bihar eta etzi 18:30etik 20:00etara egongo da zabalik aretoa, eta larunbatean 11:30etik 13:00etara. Ordutegi horietatik kanpora, talderen batek joan nahiko balu, Ataunikerrekoei idatz diezaieke (ataunikertaldea@gmail.com).













