Ataungo Gau Ibilaldi Mitologikorako txartel erreserba ekainaren 24an irekiko dute
Uztailaren 9an izango da ibilaldia, bi txandatan 1.200 lagunekin. Jentilbaratza kultur elkartearen webgunean egin behar da eskaria. Mitoaldia egitarauko azken ekitaldia izango da. Larunbatean hasiko da, Troskaeta kobara bisita eginez.
Ataungo Jentilbaraza kultur elkarteak uztailaren 9an berreskuratuko du Gau Ibilaldi Mitologikoa, 2020an eta 2021ean egin ezinik geratu ondoren. Bederatzigarren txangoa izango da, eta, ohi bezala, San Gregoriotik San Martinera herri bide zaharrean ibiliz, mitologiaren eta gauekoen mundu miragarrian sartuko dira ibiltariak.
Joan ohi den jendetza hobeto gobernatzeko, bi txandatan banatuko dituzte bisitariak. Lehen multzoa 20:00etan irtengo da Barandiaran Museotik, eta bigarrena 20:30ean. Txanda bakoitzean 600na lagun hartuko dituzte. Doan da, baina aurrez lekua erreserbatu beharra dago, jentilbaratza.eus webgunearen bitartez txartela hartuta. Bihar, ekainak 24, zabalduko dute aukera.
Hiru kilometro inguruko bidean, hainbat antzezpen eta “ezusteko” ikusiko dituzte. Egun argitan abiatuko dira, eta ondo gaututa dela iritsiko dira helmugara, hiru bat ordu geroago. San Martindik abiapuntura joateko autobusak jarriko dituzte, behin ibilbidea bukatutakoan autoa bertan hartu ahal izateko.
Mitoaldia aurkeztu dute
Gau Ibilaldi Mitologikoa, izatez, V. Mitoaldia egitarauaren bukaerakoa izango da. Gaur eguerdian aurkeztu dute mitologiari eskainitako zikloa, Barandiaran Museoan. Bertan parte hartu dute Jentilbaratza elkarteko Mikel Egigurenek, Barandiaran Museoko koordinatzaile Amaia Vicentek eta Ataungo alkate Martin Aramendik.
Ataunen V. Mitoaldiaren egitaraua:
- Ekainak 25, larunbata. Troskaeta kobara irteera, Jon Fontenlak gidatuta eta Felix Ugarte Espeleologia Elkartekoen laguntzarekin. Kobako bisitaren iraupena: 90 minutu. 25 lagun gehienez. Erreserba webean. Ataun San Martingo plazatik, 08:30ean.
- Uztailak 2. Igaratzako gune arkeologikora ‘Arbasoen arrastoan’ ibilaldia, Joxean Mujikak gidatua. San Martindik, 08:00etan.
- Uztailak 5. Juan Kruz Igerabideren hitzaldia, ‘Zazpi koloreko herensugea’ azken lanaz. Barandiaran Museoan, 19:30ean.
- Uztailak 9. IX. Gau Ibilaldi Mitologikoa. San Gregoriotik San Martinera (3 km, 3 ordu). Bidean antzezpenak. Bi txanda. Irteerak 20:00etan eta 20:30ean. Doan, baina txartelak erreserbatu behar dira, gaurtik, webean.
Aramendi alkatearen hitzetan, pozgarria eta berri ona da berriz ibilaldi mitologikoa egin ahal izatea, bi urteko etenaren ondotik. Mitoaldia eta bertan antolatzen diren ekitaldiak, nahiz berorietako gaiak, Ataunentzat “garrantzitsuak” direla gehitu du. Bestetik, antolatzaileen lana “azpimarratzekoa eta eskertzekoa” da, eta “elkarlanean ikustea benetan poztekoa, eredu ezin hobea”. Mitologiak eta Ataunen ari diren lanak euskal kulturari eta hizkuntzari egiten dion ekarpena ere baloratu du.
Amaia Vicentek, bere aldetik, Ataun “Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia nagusi” bihurtzeko asmoa azaldu du. Orain arte egin den bideari –Mitoaldiak 5. edizioa du, eta Gaur Ibilaldi Mitologikoak 9.a– jarraipena emateko komentzimendu osoa dutela gaineratu du. Ekitaldietarako sarrerak doan diren arren, webgunean erreserbatzeko aholkatu du.
Bestetik, udalekuetako haur taldeentzat jarduera bereziak eskainiko dituzte Mitoaldiak dirauen bi asteetan Barandiaran Museoan. Ganbaran ipuinak eta kondairak kontatzeaz gain, alboko errota eta zerrategia ikusteko aukera ere izango dute haurrek. Uztailaren 9an ere, ibilaldia hasi aurretik, 18:30etik 20:00etara egongo da horietara sartzeko aukera.
Mikel Egigurenek, arreta gehien Gau Ibilaldi Mitologikoan jarri du. 150 ataundarrek parte hartuko dute, izan atzezpenak egiten, izan antolakuntza lanetan. Aurtengo antzezpenetan, euskal kondaira ezagun batzuk interpretatuko dituzte elkarteko aktoreek, San Migelena eta herensugearena bat, aurreratu duenez.
Oro har, mitologiaren arloa Ataunen “bizi-bizirik” dagoela ziurtatu du. Herriko txokoak eta istorioak urtero ezagutarazteko egiten duten ahalegina, transmisioaren mesedetan izango den itxaropena azaldu du, “haurrek ere jaso dezaten eta katea eten ez dadin”.