Sagar urteko zikloa borobildua
Udako lehen feria honetan barazki eta fruta berri asko, San Joan sagarra puntual aurten ere. Aran gorriak eta etxeko masustak ere salgai izan dira Ordiziako Azokan.
Feria giro egokia 18 gradu inguru. Igar zitekeen moduan sagarrak urteko zikloa borobildu du. San Joanetik San Joanera Euskal Herriko sagarra janez urte guztia pasa daiteke. Iaz oso sagar urte ona izan zen. Oraindik ere azken errezila, Bella boscop eta errege sagar grisa salgai dira eta atzo denboraldiko lehen San Joan sagarra ekarri zuen Aramako Arantxa Lopategik. Azken urtetan ahizpa Agustina Lopetegi (80 urte ferian pasatua) eta honen alaba M.Jesus Oria, azken aldi honetan etortzerik ez badu ere, izan dira San Joan sagarra ekartzen lehenak. Ekainaren 15ean 2011n eta hilaren 10ean 2020an, iaz ere aurten baino aste bete lehenago lehenbizikoak ekarri zituzten.
Ez zen hau atzoko fruta berri bakarra: Aran gorria Patxi Iturriozen eta Lurdes Barojaren postuan 2€/k eta masustak, etxekoak ez basak, 15 €/k. Arantxa Zurutuzak. Biak ala biak Aramakoak.
Badira produktu batzuek garaian bakarrik aurki daitezkeenak, baina beste batzuen garaia noiz den jakitea zailagoa da, urte guztian salgai direlako, hemengoak nahiz kanpokoak. Tomate edota kalabazina adibidez. Hasi berriak ziren negutegikoak, atzo baita aire libreko kalabazin eta luzokerrak ere. Hemengoen garaia orain hasi eta udazkena oso aurreratu artekoa da. Atzo hasi ziren berenjena, kalabazin zuria.
Kalabazin lorea
Froga berriak egiteko aukerarik ez du galtzen Zeraingo Mendarteko Iñaki Intxaustik. Atzo anaia Jokin izan zen salmentan arduradun eta hara non kalabazin lorea eskaintzen zuen. Batzuk burua hartzen hasita besteak txorten loradunak. «Loreak jateko ohitura indarra hartzen ari da eta joan zen astean Tolosako Ama jatetxekoak etorri ziren gurera eta erosten ari zirela aipatu zuten. Neronek ere nahikoa baditut eta saltzea pentsatu dut», kontatu digu Iñakik. Bi sukaldari tentatzeko lain izan zen, Ane Otegik eta Roberto Ruizek mordoxka eraman zituzten. Errezeta ona eta esku hobea ezin txarra atera.