Xabier Berasategik irabazi du Euskaldun Txapelketa aurten ere
Afizionatu mailako ibilbidea suziri baten pare ari da goratzen Xabier Berasategi (Olaberria, 2000). Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulariak Euskaldun Txapelketa irabazi du, bigarren urtez jarraian. 23 urtez azpikoen eta elitekoen erregulartasun lehiaketa da, denboraldiko 16 karreretako emaitzekin puntuka osatzen dena.
Berasategik bi proba irabazi ditu aurten, Markina-Xemeingoa eta Beasaingoa. 141 puntu batu ditu guztira, izan duen erregulartasun handiaren adierazle. Bigarren beste goierritar bat geratu da azken sailkapenean: Mikel Mujika legazpiarra; bi podium lortu ditu. Hirugarren, berriz, Enekoitz Azparren donostiarra (Laboral), Ereñon irabazita eta lau podiumekin.
Euskaldun bukatuta, Lehendakari txapelketa hasiko da, asteazkenean Irunen. Zaldibian bukatuko da, irailaren 18an.
Berasategik 23 urtepekoen Italiako Giroan parte hartu du. 5. etapa laugarren bukatu zuen, eta nagusian 25. postuan geratu da.