Beasaindarrak Gipuzkoako kung-fu txapela janzteko faboritoak dira
Beasaingo lehen kung-fu liga asteburuan hasiko da. Lehen jardunaldiak Gipuzkoako Txapelketarekin egingo du bat. 80 borrokalari espero dituzte
Beasaingo lehen kung-fu liga asteburuan hasiko da. Hiru jardunaldi izango ditu: larunbatean, urrian eta abenduan. Formatu irekian eta askean jokatuko dira. Hau da, federatuta dagoen edonork har dezake parte, data bakoitzak eguneko garailea izango du eta borrokalariek ez dute zertan egun guztietan lehiatu. Halere, sailkapen orokorrerako hiru jardunaldietako puntuak batuko dira.
Larunbatean Gipuzkoako txapelak ere banatuko dira. Beasaingo Lorea Gimnasioko borrokalariak dira irabazteko faboritoak. Maiatzean jokatutako Espainiako Txapelketetan zakua bete domina itzuli ziren: sei borrokalari joan ziren eta guztiek irabazi zuten metalen bat. Izaro Jerikek eta Maria Izquierdok hiruna urrezko domina irabazi zituzten, esaterako. Biek gehiago nahi dutela nabarmendu zuten atzo, ligaren aurkezpenean: “Nahiz eta txapelketa irabazi, nire buruarekin ez nintzen gustura gelditu. Urduritasunak estu hartu ninduen eta maila hobea eman dezakedala argi daukat. Hiru urre lortu ditut, Espainiako txapelduna naiz… baina ez dut hemen gelditu nahiz, nire burua gainditu nahi dut, hobetu”, esan zuen Izquierdok. “Gure buruarekin harro gelditu nahi dugu”, erantzun zion Jerikek.
Biek nabarmendu zuten kung-fua ez dela borroka soil bat. “Kirol hau oso aberatsa da. Fisikoaz gain mentalki indar handia eduki behar da. Gorputza eta burua lantzen dira”. Jerikek eta Izquierdok euren buruaren aurka lehiatzen dute: kontrario imajinario baten aurka egiten dute borroka, armarekin edo gabe, eta epaileek taolu edo formen zuzentasuna, geometria, koreografiaren aniztasuna… baloratzen dizkiete. Sanda edo borroka mailan lehiatzen direnak buruz buru aritzen dira, pisuaren arabera banatuta, eta aurkaria menderatzen duenak irabazten du. Beasaingo ligan bi eratako txapelketak jokatuko dira. Boxeo ikuskizunak ere izango dira.
80 borrokalari
Antzizarren 80 borrokalari espero dituzte. Kopuru polita dela aipatu du Txema Jimenez Lorea gimnasioko arduradunak eta ligako antolatzaileak, are gehiago sasoi amaiera izanik eta asko jada oporrak hartuta izanda. Borrokalari goierritarrez gain, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako lehiakideak izango dira.
“Guretzako erronka handia da”, aitortu zuen Jimenezek. Lanean aspalditik zebiltzala oroitu du, baina pandemiak planak zapuztu eta atzeratu beste erremediorik izan ez zutela. “Batzuetan ematen du gaudela txoko batean, eta jendeak ez gaituela ezagutzen. Ea txapelketak balio duen kirola ikustarazteko eta ikasteko”. Kopurutan ez da horren bazterreko kirola, ordea. Jimenezek Lorean 100 bat kide direla zenbatu zuen, 4 urtetik 80 urtetik gorakoetara arte. Olinpiar kirola bilakatzeko bidean daudela ere gaineratu zuen.
Leire Artola Beasaingo alkateak udalak kirolaren alde egiten duen apustua berretsi zuen, ezagutza maila edozein izanda ere.