Irailean itzuliko dira pentsiodunen mobilizazioak
Uda aurreko azken elkarretaratzea egin dute Goierriko erretiratuek. Udako etenaren ondoren, pentsio duinen aldeko protestei irailean ekingo diete berriz.
Astelehenero bezala, pentsio publiko duinak eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Beasainen, Goierriko Pentsiodunek deituta. Uda aurreko azkena izan zen atzokoa, eta irailaren 5ean itzuliko dira. Uda ondoko lehena Ordizian izango da.
Lau urte baino gehiago igaro dira Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua kalera atera zela pentsio publiko duinak eskatzeko. Harrezkero, astelehenero egin dute protesta. Hala, gure pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk itzultzea lortu dugu, besteak beste, PPko pentsioen balioa handitzeko 0,25, baina ez ditugu behin betiko finkatu Pentsioen Sistema Publikorako bermeak, Gutxieneko Pentsioak, Europako Gutun Sozialeko (CSE) nahikotasun-irizpideekin bat etorriz, eta Pentsioak birbaloratu egin ditugu, benetako KPIaren bidez; eta indarrean jarraitzen dute pentsioen erreformak, hala nola 2011koak, 2021eko erreforman eta 2022ko bigarren zatian finkatzen direnak”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik jarduera ezberdin ugari egin dituzte. 2022ko maiatzaren 12an, EAEko Pentsiodunen Mugimendua Eusko Legebiltzarrean mobilizatu zen, 1.200 pentsiodunen partaidetzarekin, alderdi politiko guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko hamalau ordainsaritan. Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatzen eskatu diete, 2023ko aurrekontuetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzeko osagarria sar dezatela, Estatuko Gobernuak gutxieneko pentsio hori zehazten duen bitartean. Gogoratu dute EAE aitzindaria izan zela, duela 30 urte baino gehiago, DBE/RGIa ezartzen. Uste dute, orduan posible izan bazen, orain ere posible dela; “dirua dago, banatzeko borondate politikoa falta da”.
Ekainaren 9an, bi autobusetan joan ziren Madrilera, Estatuko hainbat herrietako pentsiodunekin
batera, Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektuari “ezezkoa” eman zezaten
alderdi politiko guztiei exijitzeko. Azkenean, aurrera atera zen, PSOE, Podemos, Ciudadanos eta
EAJren aldeko 172 bozekin; PP, Vox, ERC, BNG, Compromis, Mss Pais eta CUPen ezezko 164
bozekin; eta EH Bildu eta Coalicion Canaria-ren 6 abstentziorekin. “Ez dugu justifikazio
nahikorik aurkitu, ezta abstenitzeko ere, eta are gutxiago aldeko botoa emateko”.
Azken mobilizazio handia, Euskal Herria zeharkatu duen bizikleta martxa izan da. 700 kilometro egin dituzte haien aldarriak gizarteratzeko, ekainaren 13tik 25era artea, eta Donostiako kaleak hartu zituen manifestazio handi batekin bukatu zuten.
Osasun publikoa “desegiten” ari direla salatu dute
Pentsio sistemaz harago ere kexu dira Euskal Herriko pentsiodunak. Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoa “desegiteko” pauso berri baten berri eman zigun Gotzone Sagarduik, eta osasun sailburuak egin zituen adierazpenak ekarri dituzte gogora: “Herritarrei jakinarazi beharko zaie osasun zerbitzuekiko dagokienez, kultura erabilera eta ohitura aldaketa baten aurrean gaudela”. Adierazpen horien atzean dagoenak kezkatzen ditu Euskal Herriko Pentsiodunak eta gizartea ohartarazi nahi dute: “Ematen du pribatizazioaren aldeko beste pausu garrantzitsu baten aurrean gaudela, herrietako eta hainbat anbulatoriotako medikuak kendu nahi dizkigutela”. Zumarragako larrialdietarako zerbitzuan gertatu dena jarri dute adibide modura, edo pandemiaren aitzakiarekin
zerbitzua telefonikoki jarri zutenekoa.
Egoera horretan, aldaketak nahi dituzte eta bitartean, “bizi baldintza duinen aldeko borrokan jarraituko” dutela iragarri dute.