Mondragon ZTIM HUB, zientzia eta teknologia arloak sustatzeko sarea
Goierrin martxan dago Mondragon Unibertsitatearen, Goierri Fundazioaren eta aldundiaren ekimenez. Gazteengan, eta batez ere emakumeengan, ZTIM bokazioa sustatzea da helburua
Gazteen artean eta, batez ere, emakumeen artean ZTIM bokazioa (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) sustatzea helburu duen Goierriko Mondragon ZTIM HUM izeneko ekimena abiatu du Mondragon Unibertsitateak, Goierri Fundazioarekin batera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. STEM gaitasunetan oinarritutako hezkuntza eskaintza integrala garatuko da horrela.
Debagoiena izan zuen abiapuntu, Mondragon korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak sortu eta sustatuta. Bertan, eragileen sarea sortu eta hainbat ekintza burutu dira jada. Orain, Goierrira ekarri dute, eta dagoeneko, hezkuntza eragileen sarea osatu da.
Sare horrek ZTIM lanbideen bistaratzean, genero aurreiritzirik gabeko orientazioan, ZTIM jardueretan eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuetan esku hartzean eragin nahi du.
Gazteen ikuspegia
Otsailean Mondragon Unibertsitateko Goierriko campusean aurkeztu zuten proiektua. Ondoren, diagnostiko fasea egin zen, Goierriko gazteen pertzepzioa izenekoa, Elhuyarren laguntzarekin, ZTIM gaien eta lanbideen inguruan, eskualdeko gazteen ikuspegia, ikastetxeen ZTIM hezkuntzaren ikuskera, egiten diren praktikak eta eskola testuingurua ezagutzeko.
Ekimenari atxikitako bailarako sei ikastetxeetako 408 gazte goierritarrek hartu zuten parte diagnostikoan; horietatik 212 DBHko hirugarren mailako ikasleak, eta 196 DBHko laugarren mailakoak.
Ondorioak
Ateratako ondorioen arabera, jokabide estereotipo tradizionalek eragina dute gazteek gai jakin batzuekiko duten interesean. Hala, mutilek positiboago baloratu dituzte kirola, zientzia, teknologia, influencerrak sare sozialetan, informatika, programazioa eta robotika. Neskek, aldiz, puntuazio hobea eman diete gai sozialei, irudi pertsonalari, modari eta osasunari buruzko gaiei.
Jarraian, irakasleriari bideratutako ikastetxeen ZTIM hezkuntzaren inguruko kontzepzioak ezagutzeko diagnosia ere abiatu da.
Goierrin lurreratu ondoren, datozen urteetan sare hori Euskal Herriko leku gehiagotara zabaltzea espero dute Mondragon ZTIM HUMeko sortzaileek.