Lorea drogeriaren azken egunak
Ana Elgarrestak erretiroa hartzea erabaki du. 35 urte pasa dira denda ireki zuenetik eta azken 28 urteak Miriam Intxaustirekin lan egin du. Bere semeak pintura tailerrarekin jarraituko du.
Zumarragako Lorea drogeriak aste honetan itxiko ditu ateak, 35 urteren ondoren. Ana Elgarresta nagusiak erretiroa hartuko du, baina bere seme Aitor Larrañagak pintura tailerrarekin jarraituko du.
Lorea drogeria Ana Elgarrestak eta Pello Larrañaga bere senarrak ireki zuten, 1987ko urrian. Elgarrestaren aita pintorea zen eta horrek eragina izan zuen. «Nire aita pintorea zen eta gurasoek drogeria txiki bat izan zuten Urretxun, Abenidan. Ni bertan hasi nintzen lanean, 15 urterekin. Hala, 1987an senarrak eta biok drogeria irekitzea erabaki genuen. Ordura arte bera karrozaria izan zen. Autoak margotzetik hormak margotzera pasa zen. Nire esperientzia baliatzea erabaki genuen eta, Pello oso mainatsua denez, bera ere oso ondo moldatu zen», aipatu du Elgarrestak.
Aldaketak
Urte luzetan asko lan egin zutela oroitzen du. «Drogeria gaiak, perfumeak eta jostailuak ere saltzen genituen. Saltoki handiak ireki zirenean, jostailuak saltzeari utzi behar izan genion. Pintura kontuan ez da gainbeherarik egon, jendeak aholkua behar baitu. Egun, makinekin egiten ditugu pinturak. Lehen, eskuz egiten ziren. Bestalde, hormetan papera jartzeko ohitura handia zegoen. Emakumeak arduratzen ziren papera aldatzeaz eta margotzeaz».
Azken 28 urteetan Miriam Intxaustiren laguntza eduki du. «Nire bezeroa zen eta oso neska jatorra iruditzen zitzaidan. Laguntza behar nuen eta nirekin lan egitea proposatu nion. Lankide bikaina izan da. Oso ondo konpondu gara, bestela ezinezkoa zatekeen 28 urte elkarrekin ematea. Gogorra egingo zaigu banatzea, baina kalean ikusiko dugu elkar».
Elgarrestak 64 urte bete behar ditu eta Ticket Bai-ren ezarpenak erretiroa hartzera eraman du. «Ez dut saltsa horretan sartzeko inongo gogorik eta, gainera, semea bere kontura lan egiten hasteko garaia da. 64 urte bete behar ditut eta dagoeneko nahikoa lan egin dut. Hemendik aurrera erretiratuek egiten dituzten gauzak egingo ditut: bidaiatu, paseatu, lasai bizi, semeentzat janari goxoak prestatu etxera askotan etorri daitezen… Eta bilobak heltzen direnean, ea behingoz heltzen diren, bilobak zaindu».
Intxausti gazteagoa da eta lanean jarraituko du. «Oso langile ona da eta ez du sekula arazorik izango lana aurkitzeko. Oso jatorra zela iruditu zitzaidalako kontratatu nuen eta ez nuen huts egin. Oso garrantzitsua izan da niretzat, bai dendan eta bai dendatik kanpo ere. Lankide eta lagun bikaina da», amaitu du Elgarrestak.