Zero kilometroko musika
Igartza Musika zikloko bigarren erdia aurkeztu dute gaur. Bederatzi kontzertu programatu dituzte, urte amaierara arte hilabetero
Igartza Musika zikloa “zero kilometroko” proiektua dela berretsi du Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakasleak eta zikloko arduradunetako batek. Bederatzi kontzertu programatu dituzte urte amaierara arte, eta zortzik euskal herritarrak dituzte protagonista. Are, lau goierritarrak izango dira. Gaur eguerdian aurkeztu dute zikloaren bigarren erdia.
Loinatz Abesbatzak bi kontzertu eskainiko ditu. Gabonetako urteroko kontzertuaz gain, Loinazko San Martin basilikan beste emanaldi bat eskainiko dute. Urretxuk eta Zumarragak ere protagonismo berezia izango dute, Andoni Salameroren eta Jon Maiaren eta Gorka Hermosoren eskutik. Alde batetik, Peio Ospitalek bakarkako bere lehen lana taularatuko du: Arnasa... Hatsa... Bizia... Salameroren poesietatik ondutako hamalau piezako sorta bat da. Zumarragarra Igartzan izango da; Maiak Kantu bat gara proiektua aurkeztuko du, bestalde. Negu Gorriakentzako, Garirentzako, Mikel Urdangarinentzako, Anarirentzako, Benito Lertxundirentzako, S. A.rentzako, Pirritx eta Porrotxentzako, Gozategirentzako, Ken 7rentzako.... letrak idatzi ditu urte luzez, eta arrakastatsuenekin bilduma bat egin du. Hermosa akordeoilaria izango du alboan, besteak beste.
Usurbe Antzokian izango da kontzertu hau. Hamabi euroko sarrera ordaindu beharko da, Xabi Aburruzagaren Aurrez Aurre emanaldia ikusteko bezala. Gainerako kontzertuak doakoak izango dira.
Cumbiam'bero zortzikote baionarrak zabalduko zikloaren bigarren erdia. Cumbia eta merengea nahasten dituen txaranga akustikoa dira. Dantzakiko ikasleek lagunduko diete oholtzan. Howdy Bluegrass boskoteak ere doinu dantzagarriak ekarriko ditu. Urbil Artolaren proiektu honek countrya, bluesa eta jazza nahasten ditu. "Ea bateren bat animatzen den dantzara", bota du amua Sarasolak. "Orain arte ez dugu halako talderik izan, zerbait berria da", gaineratu du.
Igartza Musika Beka eskuratzeko entzunaldiak izango dira azaroan. Lehiaketara aurkezteko epea urriaren 22an amaituko da. Master mailako bekadunak 3.000 euro jasoko ditu eta Goi Mailako bekadunak, 2.000. Irabazleek datorren urteko Igartza Musika zikloan kontzertu bat eskaini beharko dute.
Gerraren eragina
Tolosako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartzekoa zen koru bat ekartzekoak ziren. Errusiako pare bat orfeoi lehiatu behar ziren, baina Ukraina eta Moskuren arteko gerra dela eta asmoak zapuztu egin zaizkie. Sarasolak eta Arantxa Gastesi musika eskolako arduradunak eta zikloko beste antolatzaileetako batek aipatu dute alternatiba ixtear daudela, baina oraindik ez dutela ezer erabat lotu. Rigako Katedraleko Neska Gazteen Abesbatza etorriko da Beasainera ziurrenik, azaroaren 2an. Aldaketarik izanez gero Beasaingo Udaleko agendan ohartaraziko dutela azpimarratu dute. Goierriko Hitzan ere jasoko dira aldaketa guztiak.
Leire Artola Beasaingo alkateak zikloaren historiari egin dio errepasoa. "Egonkortua" dagoela nabarmendu du, 2016an hasi zuelako bidea eta 114 kontzertu egin direlako tartean, "hainbat modalitete eta estilokoak". "Azken finean, hori da zikloaren helburua: musika herri osoan zabaltzea eta ahalik eta kolektibo gehiengana heltzea, musika zaletasuna sustatzeko", nabarmendu du.