Korrikalariak, irteera marrara
Ehunmilak hirukoteko ibilbideetan aldaketak egin dituzte, baina beti bezain gogorrak izango dira. 1.000 korrikalari baino gehiago lehiatuko dira. Hondakinak gutxitzeko eta segurtasuna areagotzeko neurriak hartu dituzte
Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketak gaur aurkeztu dituzte. Dena prest dute, eta korrikalariak besterik ez dira falta lehia hasteko. Datorren asteburuan dute zita: proba luzeeneko korrikalariak ostiralean irtengo dira, 18:00etan; G2Hkoak, 23:00etan; eta MMMkoak igandean, 08:00etan.
Andoni Zubeldia Ehunmilak lasterketako zuzendariak korrikalariei abisatu die ibilbidean aldaketa “esanguratsuak” egin dituztela eta ez daitezela oroitzapenekin orientatu, balizak jarraitzeko: Gorlako anoa postuaren ondorengo bidea aldatu dute Ehunmiletan, 30-35 kilometroen artean; Oazurtza eta Zerain arteko jaitsieran ere beste bide bat hartuko dute Ehunmiletan eta G2Hn; eta Arrieta baserritik jaitsiko dira herrigunera MMMn, Beatxurretatik egin beharrean.
Ibilbideak beti bezain gogorrak izango dira, dena den. EHM ultra trailak 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa izango du; G2H ultrak, 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibela; MMMk, 42 kilometro eta 2.300 metroko desnibela.
Zubeldiak arautegian aldaketak egin dituztela ere iragarri du, segurtasuna ahalik eta gehien zorrozteko asmoarekin. Korrikalari guztiek txanodun zira eraman beharko dute eta motxilan atzeranzko argi gorria. Eguraldiaren baldintzen arabera, antolakuntzak piztuta eramatera edo ez behartuko ditu. Gurutze Gorriko medikuentzako, erizainentzako eta boluntarioentzako esker honeko hitzak izan ditu.
Proben aztarna ekologikoa murrizteko ere aldaketak egingo dituzte. Korrikalari bakoitzari edalontzi bana banatuko diete irten aurretik eta anoa postuetatik kendu egin dituzte. Ur botilen ordez bost litroko suilak erabiliko dituzte.
Herritarrak proba bertatik bertara ikustera animatu ditu Zubeldiak. Autobus zerbitzua dagoela gogorarazi du. Gainera, lasterketen webgunearen bidez korrikalariak une oro non dauden ere ikusi ahalko da. Zumarragako, Azpeitiko, Tolosako, Etxegarateko eta Mutiloako anoa postuetan irudiak izango dira, web kamerei esker. Tarteko helmugetako denborak ere unean bertan eguneratuko dituzte.
Mugak gainditzen dituen proba
Leire Artola alkateak pandemiak eragindako etenaren ostean berriz halako tamainako hiru proba antolatzeak duen zailtasuna nabarmendu du. “Eskertzekoa da herriari ematen dion bizia. Eta asteburu osoan, ostiralean hasi eta igandean sari banaketa egin arte”, esan du. Gainera, Beasain ezagutarazteko aukera dela azpimarratu du. “Hori benetan garrantzitsua eta ohorea da. Aprobetxatu egin behar dugu”.