Lana bilatzeko oztopoak gainditzen laguntzen du Emaktiva egitasmoak
Goierri eskualdean ekainean zehar egin dute lehenengoz, Goieki garapen agentziaren babesarekin .Eskualdean bizi diren bederatzi emakumek parte hartu dute.
Dena aurka izatea eta, hala ere, enplegu aukerak aurkitu eta aurrera egitea. Emaktivak, ahultasun egoeran dauden emakumeei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programa integralak, hori posible egiten du. EDE Fundazioaren ekimenez abiatu zen ekimena, beste eskualde batzuetan, eta aurten, lehenengoz, Goierri eskualdera ere iritsi da, Goieki Garapen Agentziaren babesarekin.
Emaktiva emakumeei zuzendutako enplegu aktibazio programa bat da. Ikuspegi feministatik abiatuta, enplegua bilatzeko zailtasunak dituzten emakumeak laneratzeko ibilbide espezializatuak garatzen ditu. Komunitatearekin eta euskal enpresen sareko lanaren ikuspuntutik.
Proposamen horren barruan lau tailer egin dituzte partaideek. Igone Virto Emaktiva Gipuzkoako arduradunak azaldu duenez, «Emaktiva ereduaren ikuspegiaren funtsezko arloak kontuan hartuta lan» egin dute, eta horiek dira, «ahalduntzea, enplegagarritasuna, lan aukerak, eta, amaitzeko, topaketa bat egin da eskualdeko Orkli enpresara, izan ere, enplegu feminizatuaren markotik atera nahi izan dugu, batez ere Goierri bezalako eskualde industrializatu batean».
Tailerrak ekainean
Ekainean zehar egin dituzte tailerrak eta atzo, Orkli lantegira bisita egin zuten. Bertan, Asier Lekuona Orkliko lehendakariak egin zien harrera Emaktiva programan parte hartu duten emakumeei. Enpresaren sorreraz, ekoizten dituzten produktuez, eta Orklik emakumeei eskaintzen dizkien aukeren inguruan mintzatu zitzaien, hain zuzen ere, rol garrantzitsua jokatu du eskualdean industria sektoreko emakumeen enpleagarritasunean. Lekuonak berak iritzi du «egitasmo interesgarria» dela eta lehen momentutik parte hartzeko jarrera erakutsi dutela. Izan ere, «Orklik emakumeentzako lan eskaintza interesgarria» duelako eta proiektu honen bidez, izan dezaketen eskaintza horretara gerturatzen dituelako.
Genero arrakala
Goiekik luzatu dituen datuek, gizonezkoen eta emakumezkoen kontratazioen artean dagoen aldea berresten dute. 2022ko apirilaren 30ean %7,70eko langabezia tasa erregistratu zen Goierrin, eta ehuneko horren barruan gizonezkoen langabezia tasa %6,16koa izan zen eta emakumezkoan langabezia tasa %9,28koa. Sexuaren araberako kontratazioei dagokionez, kontratazioen %53,7 gizonezkoak izan dira eta %46,3 emakumezkoak.
Goiekiko zuzendari den Iker Galparsorok adierazi duenez, «Goiekitik, genero arrakala horretaz eta eskualdean talentuaren erakarpena eta enplegagarritasuna sustatzeko beharrez jabetuta, EDE Fundazioak mahai gainean jarri zuen proiektu hori babestea» erabaki zuen.
Bide honetan, Goiekik proiektua babestu zuen eta ekainean ikastaroak egiteko instalazioak erraztu zituen, «biztanleriaren segmentu bat gehiago prestatu eta kualifikatzeko eta aldi berean, eskualdeko enpresa batzuek adierazi dituzten talentu beharrak neurri batean arindu ahal izateko».
Bederatzi emakume
Eskualdean bizi diren bederatzi emakumek parte hartu dute Goierriko Emaktiva egitasmoan, eta eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik eta Gizarte erakundeetatik bideratuak izan dira. Jacali Amenya keniarra da eta bere esperientziaren arabera, «oso gustura» dago ikastaroak emandakoarekin. «Izan ere, perspektiba aldatu dit, orain arte, enplegu feminizatuak bakarrik egin nitzakeela uste nuen eta orain sinesten dut industria sektorean lan egin dezakedala, beharrezko formakuntza izanda».