280 goierritar joango dira erabakimena argitzera
Gure Eskuk eta eta Kataluniako hainbat taldek bat eginda, Pirinioetako bidea argiztatzeko ekimena egingo dute asteburuan. Goierritarrak Atzurdi, Mendaur, Oteitzoian, Ekaitza eta Zipuru aldean ibiliko dira.
Gure Eskuk biharko antolatu duen Pirinioetako bidea ekimenean parte hartuko dute ehunka goierritarrek. Kantauri eta Mediterraneo itsasoen artean, Pirinio osoan zehar 300 tontor argiztatuko dituzte. Goierritarrei Malerreka eta Bortzirietako eskualdeen artean dauden bost menditara joatea egokituko zaie: Atzurdi, Mendaur, Oteitzoian, Ekaitza eta Zipurura. Arantza, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Aurtitz eta Zubieta herriek osatzen duten zirkuluaren erdigunean daude, elkarren hur.
Herrika izendatu dituzten herritarrak zein menditara joan. Bakoitzak bere aldetik egin ditu elkartzeko eta mendira igotzeko planak —ikus alboko zerrenda—. Goian, ordea, ordutegia eta egitekoa zehaztuta dago.
Mendi gainetan egingo dira ekitaldiak, bakoitzak berea. 21:00etarako bakoitza izendatutako mendian egoteko eskatu dute, eta han kokatuta egongo dira 22:45 arte. Argia piztuta 21:45etik 22:30era bitartean egongo dira.
Argia piztu ondoren, idatzi bat irakurriko dute. Ekitaldia amaitutakoan, berriro abiapuntura itzulita bukatuko da ekimena. Talde bakoitzak edukiko du bere arduraduna eta komunikazio arduraduna (Telegram bidez). Mendira doazenez, segurtasunari garrantzi handia eman diote. Irten aurretik, argibide orokorrak emango dizkiete partaideei. Taldean igoko eta jaitsiko dira, eta mendia garbi uzteko eskatu dute.
280 lagun izena emanda
Gure Esku dinamikarentzat «mugarria» izango da Pirinioetako bidea, eta «jauzi kualitatibo bat» emango dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean. Euskal Herriak eta Kataluniak elkarrekin, bi nazioek batera parte hartuko dutelako, milaka lagun mobilizatuta. Eusko Legebiltzarrean ere izan dira, Tejeria lehendakariari erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko eskaria aurkeztera joanda.
Oraindik izena eman badaiteke ere (gureesku.eus), Goierritik 280 bat lagun joango dira: Atzurdiko multzoan 94 daude izena emanda, Ekaitzan 82, Mendaurren 77 eta Oteitzoianen 26.
Eguraldia okertzen bada, Goierrin geldituko dira. Bigarren plana Usurbe mendia argiztatzea izango da, 19:30ean Beasaindik oinez igota.