Beasainek abonuak igo ditu
Erretiratuena 85 eurotik 95 eurora igoko da eta abonu normala, 130 eurotik 150 eurora. Talde nagusia mailaz igo denez gastuak ere hazi egingo dira eta diferentzia egokitzeko garestitu dituzte. Erabakia aho batez onartu da
Beasain Kirol Elkarteak abonuak garestituko ditu datorren denboraldirako. Erretiratuena 85 eurotik 95 eurora igoko da eta abonu normala, 130 eurotik 150 eurora. Erabakia aho batez onartu zen herenegun egindako osoko bilkuran.
Lehen taldeak Espainiako Federazioaren bigarren mailan jokatuko du aurten. Aurkariak hobeak izango dira eta gastuak handiagoak. Diferentzia estaltzeko adostu zuten abonuak igotzea. Halaber, aurrekontua %15 handiagoa izango da. 574.311 eurokoa, zehazki.
Aurtengo balantzea positiboa izan da. Klubak ia 3.000 euroko superabita aurkeztu zuen. “Ekonomiaren ikuspegitik hain zaila den garai honetan, pozgarria da klubak bere kontuak borobiltzeko eta balantze egokia aurkezteko gai dela egiaztatzea”, azpimarratu zuten klubeko arduradunek.
“Bikaina”
2021/2022 sasoia “bikaina” izan zen zuzendaritzarentzat, “Futbol Eskolatik hasi eta lehen taldera arte”. Lehen taldeak mailaz igotzea lortu zuen eta bigarrenak ere gertu izan zuen. Multzoko lider amaitu zuten baina ezin izan zituzten kanporaketak gainditu.
Txalo artean amaitu zen batzarra, klubak bizi dituen garai oparoen isla.