Ehunmiletako trilogia aurkeztuta dena prest dago lasterketei ekiteko
Ehunmiletako eta G2Hko korrikalariak gaur zortzi abiatuko dira. Dortsal denek dute jabea. Plastikoa gutxitzeko eta segurtasuna handitzeko neurriak hartu dituzte
Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketak atzo aurkeztu zituzten, Igartzako Jauregian. Dena prest dute, eta korrikalariak besterik ez dira falta lehia hasteko. Datorren asteburuan dute zita: proba luzeeneko korrikalariak ostiralean irtengo dira, 18:00etan; G2Hkoak, 23:00etan; eta MMMkoak, igandean, 08:00etan.
Ia 1.300 korrikalari elkartuko dira. 495 EHM ulra trailean arituko dira. Horietatik 26 emakumeak izango dira eta bederatzi hirukotek eman dute izena taldekako modalitatean. Dortsalak aspaldi agortu ziren. Antolatzaileen arabera horrek frogatzen du proba erakargarria dela, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean ere.
Andoni Zubeldia Ehunmilak lasterketako zuzendariak korrikalariei abisatu zien ibilbidean aldaketak egin dituztela eta ez daitezela oroitzapenekin orientatu. Balizak jarraitzeko eta GPS bideak eguneratuta eramateko eskatu zien. Zehazki, Gorlako anoa postuaren ondorengo bidea aldatu dute Ehunmiletan, 30-35 kilometroen artean; Oazurtza eta Zerain arteko jaitsieran ere beste bide bat hartuko dute Ehunmiletan eta G2Hn; eta Arrieta baserritik jaitsiko dira herrigunera MMMn, Beatxurretatik egin beharrean.
Ibilbideak beti bezain gogorrak izango dira, dena den. EHM ultra trailak 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa izango du; G2H trailak, 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibela; MMMk, 42 kilometro eta 2.300 metroko desnibela.
Zubeldiak arautegian aldaketak egin dituztela ere iragarri zuen, segurtasuna ahalik eta gehien zorrozteko asmoarekin. Korrikalari guztiek txanodun zira eraman beharko dute eta motxilan atzeranzko argi gorria. Eguraldiaren baldintzen arabera, antolakuntzak piztuta eramatera edo ez behartuko ditu. Gurutze Gorriko medikuentzako, erizainentzako eta boluntarioentzako esker oneko hitzak izan zituen. 200 bat orduko dispositiboa muntatzen dute.
Proben aztarna ekologikoa murrizteko ere aldaketak egingo dituzte. Korrikalari bakoitzari edalontzi bana banatuko diete irten aurretik eta anoa postuetan ez da basorik egongo. Ur botilen ordez bost litroko bidoiak erabiliko dituzte, era berean.
Herritarrak proba bertatik bertara ikustera animatu zituen Zubeldiak. Doako autobus zerbitzua dagoela gogorarazi zuen. Beasaindik sei autobus linea zirkular ibiliko dira joan-etorrian, lasterketa puntu ezberdinetan ikusi ahal izateko. Gainera, lasterketen webgunearen bidez korrikalariak une oro non dauden ere ikusi ahalko da, eta Zumarragako, Azpeitiko, Tolosako, Etzegarateko eta Mutiloako anoa postuetako zuzeneko irudiak izango dira. Tarteko helmugetako denborak ere unean bertan eguneratuko dituzte online.
Mugatik harago
Leire Artola alkateak pandemiak eragindako etenaren ostean berriz halako tamainako hiru proba antolatzeak duen zailtasuna nabarmendu zuen. «Eskertzekoa da herriari ematen dion bizia. Eta asteburu osoan, ostiralean hasi eta igandean sari banaketa egin arte», esan zuen. Gainera, Beasain ezagutarazteko aukera dela azpimarratu zuen. «Hori benetan garrantzitsua eta ohorea da. Aprobetxatu egin behar dugu».
Xabier Elizegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zerbitzuburuak berretsi egin zuen. Kirol probaz gain turismo proba bat ere badela esan zuen. «1.300 korrikalari, eta bakoitzak bataz beste bi lagun elkartzen baditu, pentsa zenbat jende den hori. Guzti horiek lo egin behar dute, jan…». Horrenbesteko bultzada izanik, datorren urteko Ehunmilentzako diru laguntza jada aurreikusita dutela aurreratu zuen, Goiturrekin elkarlanean.