Hiru egun goitik, Ataungo auzorik garaieneko jaiak berreskuratzeko
Aian Santixabel festak ospatuko dituzte gaurtik igandera. Sagardo eta sardina dastaketarekin hasiko dira. Larunbatean, kontzertu bikaina; igandean, erakusketa
Ospeari men eginez, Ataungo Aia auzoko festak zerbait badirela erakutsiko dute, pandemiagatik bi urtean ospatu gabe egon ondoren, gaurtik igandera. Auzo txikia aise bete daitekeela pentsa daitekeen arren, gainezka egiteko moduko egitaraua prestatu du Aiako Jai Batzordeak. Hemen dira santixabelak, berriro ere gozo eta bizi.
Jendea elkartzeko eta erakartzeko osagai ugari prestatu dituzte. Gaur, esaterako, umeen jolasak egin ondoren, sagardo edana eta sardina erre jana izango da. Auzo afaria egingo dute gauean Haitzarri elkartean, eta herri bazkaria bihar, bertsolari, trikitilari eta guzti.
Zaindariaren eguneko protokolozkoak egin ondoren —meza eta hamaiketakoa, pandemiaren gogorrenean ere mantendu direnak—, biharko jardunaldia gazteek errematatuko dute. Ataun guztiko gazteak elkartuta, otordua egingo dute lehenbizi. Gazte-afaria Txomin Parrillaren laguntzarekin hornituko dute. Txartelak Troskaetan, Urbietan eta Sutegin eduki dituzte salgai (20 euroan), eta herenegun ziren erretiratzekoak.
Ondoren, hiriburu handienean ere gustura hartuko luketen musika kontzertuak daude Aian: Ataungo bertako Unidad Alavesa, eta Iruñerriko Los Zopilotes Txirriaos, La chica maravilla diskoaren aurkezpen biran lekua eginda.
Emakumeen sormen azoka
Berritasun bat ere izango da Aian, igandean. Ataungo Biboletak emakume taldeak herriko emakume sortzaileen erakusketa eta azoka antolatu ditu. Aterpean, 11:30ean irekiko dute.
Martxoaren 8aren bueltan egiteko sortu zen ideia, baina jende gehiago animatzeko herriko festak aukera hobea zela iritzita, lehen azoka orain egingo dute. Deialdia orain bizpahiru hilabete zabaldu zuten, eta zortzi emakumek eman dute izena. Ia denak ataundarrak dira, etxean esku lanak edo sormen lanetan ari direnak.
Azoka baino gehiago, erakusketa izango da, sorkuntzak jendaurrean jartzea baita helburua. Bakarren batek saldu ere egingo ditu. Bakoitzak egiten duenetik, denetik egongo da.
Biboletak taldeak ere produktu batzuk atera ditu, poltsak eta zapiak, eta lehenengo aldiz Aiako azokan erosi ahal izango dira. Dantzariek eta pilotariek emango diete jaiei amaiera.
Egitaraua
GAUR
· 17:00. Umeentzat gymkana.
· 17:30. Puzgarriak eta apar festa.
· Ondoren, txokolatea.
· 19:00. Sagardo eta sardina dastaketa.
· 21:30. Auzo afaria.
· 00:00. Gozo-Gozo taldea. Ondoren, Ioar DJa.LARUNBATA, SANTIXABEL
· 11:00. Meza nagusia.
· Ondoren. Hamaiketakoa.
· 12:00. Otsoak dantza taldea.
· 14:00. Herri bazkaria. Iban Urdangarin eta Jesus Mari Irazu bertsolariak, eta trikitilariak.
· 18:30. Toka txapelketa.
· 21:30. Gazte afaria.
· 00:00. Unidad Alavesa eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak.IGANDEA
· 11:30. Emakume sortzaileen azoka eta erakusketa.
· 12:00. Kantu poteoa.
· 17:30. 34. Dantzari Txiki Txapelketa.
· 18:30. Pilota partidak, Ataungo alebinak: H.Aldasoro-M.Aldasoro / A.Aramendi-U.Agirreurreta.
· Ondoren. Aiako V. Pilota Txapelketa herrikoiaren finalak.
· Jarraian. Pilotari jubenilen partida: B.Zubizarreta / O.Arrillaga.