Ormaiztegiko zeharbidea berritu dute, oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza lortzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du obra. Erdiguneko trafikoa baretzea du helburu.
Ormaiztegiko zeharbidea berritzeko lanak egin dituzte, eta gaur aurkeztu dute emaitza Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du obra, 175.000 euro ingurukoa, eta 10 astetan burutu dute. Herriguneko trafikoa baretzea eta oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza bermatzea du helburu berrikuntzak.
Udaletxearen eta elizaren arteko gune berrituak 3,05 metro zabaleko errail bakarra dauka, eta semaforoaren bidez antolatutako aldizkako pasoa izango dute ibilgailuek. Abiadura gehienez 20 kilometro ordukoa izango da aurrerantzean. Espaloia eta errepidea altuera berean jarri dituzte, irisgarritasuna bermatzeko.
Galarzak adierazi du “San Andres kaleko pasabidean oinezkoei lehentasuna eman” nahi izan dietela, eta “emaitzarekin gustura” daudela: “Espero dugu jendea ohitzea eta helburua lortzea”. Obra bukatu berri dutenez, herritarrak zein ibilgailuak eremu berrira ohitzea falta da. Udala jarri zen harremanetan Aldundiarekin obra egin ahal izateko, eta elkarlanean jardun dute. Bukatuta dagoen arren, azken lan batzuk egin beharko dituzte, herritarren iritziaren eta erabileraren arabera. “Konponketa txikiren bat egin beharko da jendea ohitzen denean. Adibidez, gurpildun aulkiak ondo pasatzen diren ikusi beharko da”, azaldu du Oiarbide diputatuak.