Santa Ana jaietara begira neurri zehatzak iragarri ditu Itaia Ordiziak
Jai giroan gerta litezkeen «eraso matxistei» modu «antolatuan» aurre egitea da Itaiak planteatzen duena. Erasoak saihesteko «etxeratze kolektiboa» proposatu dute
Itaia Ordiziak prentsaurrekoa egin zuen atzo, Ordiziako Plaza Nagusian, taldeak emandako azken urratsen berri emateko, hala nola, Ordiziako Santa Ana festetarako protokoloa eta etxeratze kolektiboa deitu duten «babes tresna» iragarri zuten.
Agerraldian azaldu zuten, azken hilabeteetan, «indarkeria matxistari aurre egiteko asanblada zabalak» egin dituztela eta «herri mailako emakumeen lanari esker, auzi honetan sakontzen jardun» dutela. Hala, «errealitate kapitalistaren baitan kultura matxistak hartzen dituen askotariko adierazpenak identifikatu» dituzte, «horien muinean ezkutatzen den kausaz hausnartu» eta horiei aurre egiteko «proposamenak» garatu dituzte.
Horren guztiaren ondorio da Ordiziako Santa Ana festetara begira prestatu duten planteamendua. Horrekin «jai giroaren aitzakipean, ideologia matxistaren ondorio diren erasoei aurre egitea» da Itaia Ordiziaren helburua. Horren aurrean, «erantzun antolatu» bat emateko «konpromisoa» azaldu dute.
Bide batez, hilabetean behin egiten dituzten asanbladetan, zein festetarako aktibatutako dinamiketan parte hartzeko gonbita luzatu dute.
«Antolakuntza»
Bi neurri zehatz iragarri dituzte. Batetik, protokoloa, norbait erasotua gertatzen bada aktibatuko dutena. Eta bestetik, «etxeratze kolektiboa». Honen funtsa, ordu zehatzetan etxera taldean itzultzeko aukera eskaintzea izango da. Horrela etxeratzeetan gerta litezkeen erasoak saihestu nahi dituzte.