Championseko finala Legazpin jokatu da
Harmailak beteta eta giro ederrean jokatu dute Legazpiko Futbol7 Txapelketako finala. Patrulla taldea nagusitu zaio Bayern de los Caidos taldeari.
‘Championseko’ musika, petardoak eta suziriak, banderak eta zaleak giroa berotzen. Beste behin ere, final handietako giroa jarri dute gaur Legazpin, futbol7 txapelketako finalean. La Patrulla eta Bayern de los Caidos taldeak aritu dira aurrez aurre, eta azkenean, beltzezkoak nagusitu dira. Lagunarteko giroa izan da nagusi hala ere, bai futbol zelaian eta baita herriko gazteek goraino bete dituzten harmailetan ere.
Hiru eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere jokatu dute, final erdietara iritsitako beste bi taldeen artean; Tzelzi nagusitu zaio Aztiri Bulls taldeari.
Finala bukatu eta gero, jokalari nahiz zale, denak elkarrekin bazkaltzera joan dira, azokara. Berrehun lagunetik gora elkartu dira mahaiaren bueltan.