Jendetza bildu du, beste behin ere, Mutiloako sagardo dastaketak
Goitik hasi dituzte San Pedro jaiak Mutiloan. Goierriko sagardo dastaketarik beteranoenak jende saldoa erakarri du, aurten ere.
Pandemia garaiko etenak eta murrizketak atzean utzita, ohiko itsura hartu zuen atzo Mutiloako frontoian, sagardo dastaketarekin. Aurten 28. edizioa izan du Goierri mailan aitzindaria den ekitaldi honek. Eta jendeak gogoz erantzun du. Sagardo aukera zabalaz gain, jatekoa ere ez da falta izan, eta urterik onenetan bezala, berehala agortu zen generorik gehiena.
Mutiloako jaietako ekitaldirik ezagunena izan ohi da sagardo dastaketarena, baina ez bakarra. Gauean beste klasiko batek, Joselu Anaien erromeriak hartu baitzuen plaza.
Gazteak, umeak eta kontzertuak
Gaur jarraituko du festak Mutiloak. Gazteen bazkaria izango dute eguerdian, eta arratsaldean, umeentzako jolasak. Gauean, berriz, herri afaria eta kontzertuak izango dituzte, Hizpide eta Mugi Panderoa taldeekin.