Mutiloako San Pedro Jaietako igandea ekintzaz betea
Mutiloako San Pedro Jaien amaiera ere iritsi da eta ekintza ugarirekin eman diete amaiera: Txakolin dastaketa, ikuskizunak, bola-jokoa, puzgarriak eta abar.
Mutiloan San Pedro Jaiak ospatu dituzte eta iritsi da hurrengo urtera arte agurtzeko garaia. Asteazkenean hasi ziren Mutiloan San Pedro Jaiak txerriaren jaitsierarekin, ohi bezala, eta igandera bitarteko egitarau ugaria izan dute, musika, dantza eta haurrentzako eskaintza tarteko.
Uztailaren 1ean, ostiralean, jendetza bildu zen, frontoia zein herriko plaza betez. Arratsaldean frontoiak sagardo dastaketa izan zen eta arrakasta handiko ekintza izan zen, beste behin. Jarraian, Joselu Anaiak taldeak kontzertua eman zuen herriko plazan, doinu herrikoiekin dantzarako giro aparta jarriz.
Gaur amaiera eman behar izan diete mutiloarrek jaiei, baina jai-giroak azken unera arte dirau. Goizean eman diete hasiera bola lehiaketari eta honek eguerdira arteko iraupena izan du. Mezaren ostean, Goruntz Gabiriako Dantza Taldeko haurrek emanaldia eskaini dute herriko plazan eta ondoren, txakolin dastaketari eman diete hasiera. Txikienentzako ere ezin aspertuzko eskaintza izan dute jaien amaierarako, goizean zehar puzgarrian jarri baitituzte frontoian, hau saltoz eta irribarrez josiz.
Txakolin dastaketa
Txakolin dastaketa 12:30ak pasatxo hasi da, herriko plaza jendez betez. Txakolinarekin batera Telleria behei gazta ekologikoa izan dute dastagarri. Telleriatarrek hiru gazta mota ekarri dituzte gaurkoan: Ondua, urdina eta samurra. Txakolin eta gazta artean ikuskizun bikainaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek, ‘Hegoak, erroak eta eroak’ elkarte donostiarraren ikuskizunaz hain zuzen ere. Ikuskizun honek musika, kantua zein zirkuko hainbat diziplina uztartzen ditu, ikusleak ahozabalik utziz.
Arratsaldean Iñaki Villanuevaren egur taila erakustaldia izango dute eta Xabier Zalduaren eta Ioritz Gisasolaren pentatloi ikuskizunarekin esango diete agur mutiloarrek aurtengo San Prudentzio Jaiei.