Bueltan da Goierriko Jazzaldia
Betiko formatua berreskuratuko du Goierriko Jazzaldiaren bederatzigarren edizioak. Hiru egun, hiru eskenatoki bi herritan eta bost proposamen ekarriko ditu aurtengoak
Txikia bai baina ez eskasa, hori izan liteke Goierriko Jazzaldiaren leloa. Bere txikitasunean, handia baita, eta aurten ere, goren mailako artistak ekarriko ditu. Aurtengoan, hamargarren edizioa ospatu beharko lukete, baina 2020. urtean osasun larrialdiagatik bertan behera geratu zen. Iaz berreskuratu zuten jaialdia, unean uneko baldintzak beteta, eta aurten bai, betiko formatu a berreskuratuko dute.
Hiru eguneko egitaraua, hiru eskenatoki desberdin bi herritan —Ordizian eta Araman— eta publiko guztientzat oso atseginak izango diren bost proposamen izango ditu bederatzigarren honek. Aipatu, kontzertu guztiak doakoak izango direla, ekimenaren laguntzaileen ahaleginari esker.
Bihar osteguna hasiko da Goierriko Jazzaldia. Juan de Diego tronpeta-jotzaile bilbotarrak irekiko du aurtengo edizioa eta bere azken diskoa aurkeztuko du. Grebalariak du izena, eta orain arte erabili ez duen formatu berritzaile bat du, laukote akustikoa (piano, kontrabaxu, bateria eta tronpeta). Grebalariak honetan Juanek ez ditu bere kezka soziopolitikoak ahaztu eta oraingoan La Canadiense enpresan 1919an egindako grebaren ehungarren urtemuga ospatu nahi izan du. Hari esker, beste gauza askoren artean, zortzi orduko lanaldia ezartzea lortu zen eta Greba abesti bera borroka horri ekin eta kasu batzuetan bizia galdu zutenei eskainia dago. Ordiziako udaletxeko arkupean izango da kontzertua 22:00etan hasita eta musikari bikainak izango ditu ondoan, Toni Vaquer piano jotzailea, Pere Loewe kontrabaxu jolea eta Ramon Prats bateria jotzailea.
Bertako musikariak
Ostiralerako hiru proposamen daude aukeran. Ordiziako Musika Eskolako bi talderen kontzertuak izango dira lehenik. Jaialdiaren antolakuntzaz arduratzen den Arama Jazz Taldeak, bertako musikariei tokia egiteko apustu sendoa egin baitu jaialdiaren sorreratik.
Ondoren, Alain Concepcion Quartet-en txanda izango da. Gizon honen ahotsa harrigarria da. Jazz eta soul klasikoen errepertorioa interpretatuko du, izaera pertsonaleko abestiekin batera. Beste behin ere, saxoarekin lagunduko dio Jose Gallardok.
Irati Bilbaok itxiko du ostiralekoa. Bere lehen proiektu pertsonala aurkeztuko du Goierriko Jazzaldian, Musikeneko beste lau lagunekin batera. Jazzaren oinarri tradizionaletatik musika mota honen proposamen garaikideetara hurbiltzen den proiektua da, pop-arekin eta beste estilo batzuekin loturak ezarriz.
Larunbatean Araman
Eta larunbatean, Aramako zelaietan leku hartuko du Jazzaldiak. Ingurune paregabe honetan, bi proposamen entzuteko aukera izango da. Lehenik, Ja-zzaldiko aspaldiko ezagun bat izango da, Miguel Salvador Quartet, Goierriko Jazzaldiaren lehenengo edizioan ere egon baitzen. Mendian asko ibiltzen den pertsona da eta hain zuzen ere, hortik datorkio inspirazioa, baita Ordizian aurkeztuko duen bere azken diskorako ere. Musika berritzailea ekarriko du.
Eta ondoren, publiko orokorrarentzat ezagunena izan daitekeena, Afrika Bibang bizkaitarra. Ibilbide luze eta oparoa du Afrikak: Ke No Falte reggae taldearekin hasi zen, Etsaiak taldean zortzi urte egin zituen ondoren eta 2004an egin zuen bere lehen proiektua bakarka. Ezaguna da baita ere, 2005ean Korrikaren abestia konposatu zuelako. Araman, bere lan berriena aurkeztuko du, bere musika, bere indarra, eta bere sentsibilitatea koktel berezi eta zoragarri batean nahastuz eta gozamenerako kontzertu bat eskainiz.
EGITARAUA
BIHAR, OSTEGUNA
22:00. Juan De Diego Grebalariak (Bartzelona). Ordiziako udaletxeko arkupean.
ETZI, OSTIRALA
18:30. Ordizia-Goierriko musika eskola.
20:00. Alain Concepcion Quartet.
23:00. Irati Bilbao.
*Ordiziako Plaza Nagusian izango dira hiru kontzertuak.LARUNBATA
19:00. Miguel Salvador Quartet.
21:00. Afrika Bibang.
*Aramako parkean.