Terrazek atzera egin beharko dute
Beasaingo Udalbatzak aho batez onartu du terrazen ordenantza berria. Terrazak ezingo dira taberna baino zabalagoak izan eta espazioaren herena hartu ahal izango dute
Beasaingo terrazak pandemia aurreko tamainara itzuli beharko dute, gutxi gorabehera. Ordenantza berriak terrazak fatxadaren eremura egokitu behar direla dio eta instalazioaren gehiengo zabalerak ezingo duela plazaren herena gainditu. Terraza bat baino gehiago dagoen kasuetan espazioa elkarbanatu beharko dute.
Beasaingo Udalbatzak ordenantzari hasierako onarpena aho batez eman zion. Jendaurrean ikusgai egongo da hilabetean eta alegaziorik ez badago, behin betiko onartuko da eta indarrean sartuko da.
Leire Artola alkateak osoko bilkuran nabarmendu zuen ordenantza eragile ezberdinen arteko lanarekin landu dela. Esaterako, ostalariekin elkartu ziren euren iritziak jasotzeko. EH Bilduk egindako hainbat iradokizun ere txertatu dituzte. Nerea Manzisidor EH Bilduko bozeramaileak euren eskariak aintzat hartu izana eskertu zuen eta proposamen “logikoa” dela esan zuen. Eva Alvarez PSE-EEko bozeramaileak ere ordenantza positiboa dela esan zuen, ostalarien eta bizilagunen arteko oreka bermatzen duelako. Halere, errespetatzen dela bermatzeko kontrola eskatu zuen.
Terraza baimenarekin batera elementuak eta okupazio azalera jasoko dituen elementu grafiko bat bidaliko die udalak establezimenduei. Bistan egon beharko du, udaltzainek, herritarrek eta kontsumitzaileek terrazak har dezaken espazioaren eta elementuen kokapenaren berri erraz izan dezaten.
21 urte
Indarrean dagoen ordenantza 2001. urtekoa da eta “zaharkitua” dago Artolaren arabera. Uda garaira bakarrik mugatzen da egungo ordenantza, nahiz eta aspalditik terrazak urte osoan izan. Gainera, itxialdiaren ostean galerak leuntzeko asmoarekin neurriak malgutu ziren eta zegokiena baino mahai eta toki gehiago eskeini zitzaien ostalariei.
“Terrazek izan duten bilakaerari erantzun egokia ematea da ordenantza proposamen honen xedea. Mahai eta aulkiez gain, egun normaltasunez jartzen dituzten berogailuak sartu ditugu, adibidez”, aipatu zuen alkateak. Halaber, baliabideak ezingo direla lurrera lotu adostu dute, toldoen altura maximoak eta minimoak zehaztu dituzte eta mahaien inguruan bi metroko distantzia utzi beharko dela jaso dute, irisgarritasuna bermatzeko. Arkupeetan ezingo dira terrazak jarri.