Arrastakakoek zailtasun tekniko handiko irteera egingo dute datorren astean
Arrastaka mendizale elkarteak Aragoiko pirinioetara (Espainia) txangoa antolatu du datorren asteburuan. Partacua mendizerrara joango dira, zehazki.
Larunbatean, uztailaren 16an, Peña Telerara (2.764 m) igoko dira. Inguruko mendirik garaiena ez den arren, duen edertasunagatik eta izaera alpinoagatik tontorrik klasikoenetariko bat da. Ohiko igoera egingo dute, ipar aurpegitik; jaitsi hego isurialdetik egingo dira, Santa Elenako aparkalekuraino.
Igandean, hilaren 17an, Peña Foratatara (2.321 m) igotzen saiatuko dira. Igotzeko ez duela bide errazik ohartarazi dute Arrastakakoek. Halere, tontorreko ikuspegi panoramikoak merezi duela diote. Tontorreko haitz bertikalagatik Sallent de Gallegoren ikuspegi orokorra da gainean.
Bi jarduerak dira zailatsun handikoak fisikoki nahiz teknikoki. Izan ere, goi mendiko ingurunean ibili beharreko igoerak dira biak ere, eta horrez gain, eskaladakako ezagutzak izatea ere ezinbestekoa izango da. «Era berean, biak dira mendi zoragarriak», diote Arrastakako arduradunek.
Irteera honetan parte hartzeko asmoa dutenak asteartean, uztailaren 12a, arratsaldeko 19:30ean Arrastaka elkartearen lokalean egingo den bilerara joan beharko dute irteerako xehetasuna zehaztu eta zalantzak argitzeko. Irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.













