Helmugako asebetetze sentsazio hori da politena»
Goierriko Bi Handiak eta Ehunmilak lasterketak eginak ditu jada Koldo Agirre Mujikak (Beasain, 1985). Aurten, parte hartzeko falta zaion proban estreinatuko da, MariMurumendi maratoian.
Zergatik erabaki duzu aurten distantzia laburreko proban parte hartzea?
Beste biak eginak ditut, eta gainera, aurten, ez daukat hain distantzia luzeko lasterketak egiteko gogorik. Horregatik, eta maratoia nahiko distantzia luzea dela kontuan hartuta, bertan daukagun lasterketa berri batean arituko naiz. Hala, hiru probak eginak edukiko ditut.
Helburu jakinen batekin zoaz maratoira?
Ez dut test indartsurik egin. Azken proba Zegama-Aizkorri maratoia izan zen eta ez zitzaidan nahi bezain ondo atera. Orain denboraldia amaitzeko gogoz nago, gorputza nekatuta daukat eta burua ere bai. Halere, garbi hitz eginda, MariMurumendin, lau ordutik jaitsi nahiko nuke. Horretarako entrenatu dut eta helburua hori da.
Ibilbidean probak egin al dituzu?
Bai, zatika egin dut. Duela urte batzuk osoa egin nuen, baina, aurten, ibilbideko zatiak osatu ditut. Orain atseden hartzea geratzen da.
Zegama-Aizkorri maratoiaz gainera, beste zein probatan aritu zara?
Martxoan, Arriarango mendi lasterketan parte hartu nuen; gero, Nafarroa Xtremen; ondoren etorri zen Zegama, eta MariMurumendirekin amaituko dut denboraldia.
Zenbat aldiz hartu duzu parte Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak probetan?
Goierriko Bi Handiak bi aldiz egin dut eta Ehunmilak beste bitan. G2H 2012an egin nuen lehen aldiz eta Ehunmilak 2014an.
Beste lasterketekiko zerbait ezberdina al dute?
Guretzat bereziak dira bertakoak direlako. Parte hartzea ia-ia betebeharra da. Entrenatzeko bertatik bertara ditugu ibilbideko guneak eta horrela animatzea errazagoa da. Ikusi besterik ez dago zenbat beasaindar eta goierritar ateratzen diren hiru probetan.
Orokorrean, geroz eta parte hartzaile gehiago daude horrelako probetan.
Guztia eboluzionatzen ari da. Korrika egiten hasi nintzenean, batez ere, errepidean aritzen ginen eta mendian lasterka aritzea ez zen oso ohikoa. Behobia egitea bazen zerbait, errepideko maratoi bat hitz handiak ziren, eta gero Zegamako maratoia iritsi zen. Orain, G2H edo Ehunmilak bezalako distantziak daude, eta gaizki esanda dagoen arren, ia normaltzat hartzen dira horrelako distantziak. Ni hasi nintzenean, bertigo pixka bat ematen zuten 90 kilometrok.
Bertigo hori desagertu egin da?
Gaur egun, moda bat ere bada distantzia luzeetako probetan parte hartzea. Alde batetik polita da jende asko animatzea, baina jakitun izan behar da zer nolako probetaz ari garen hitz egiten.
Jende askok ez du lasterketa amaitzea lortzen…
Normala da. Lasterketako egunean edozer gauza gerta daiteke eta horrelako distantzietan edozein txikikeriak etxera bidal zaitzake.
Halere, momentu onak ere egongo dira.
Bai, politena helmugaratzea izaten da eta berarekin dakarren asebetetze sentsazioa. Halere, aurretik igarotakoa gogorra da. Nik, esaterako, bi urtetan asko sufritu nuen hanka azpietatik. Bidean zehar etengabe sendaketak egin behar izan nuen. Momentu onak bizi izan ditugu, baina txarrak ere bai, eta horietatik ikasi egin behar da.
Pandemia osteko lehen edizioa izango da aurtengoa. Jendea gogo gehiagorekin al dago?
Urte arraroak izan dira. Denbora dezente egon gara ia lehiatu gabe eta jendearengan sentipen ezberdinak nabaritzen ditut. Alde batetik lehiatzeko gogoa, baina, bestetik, buruan ere eragin digula uste dut. Bi urte aldrebes bizi izan ditugu eta orain kokatzen ari gara. Halere, argi dago probak arrakasta duela, aspalditik daude izen emateak beteta eta hori ona da.
Beste aldea ere ezagutzen duzu, prestakuntzan aritzen zara. Lasterketa hauek helburu dituen bezero asko al dituzu?
Bai, inguruko jende askok hartzen du parte eta horietako dezente prestatzen ari gara. Norbere helburuetara gerturatzen saiatzen gara. Batzuk denbora bat egin nahi izaten dute, beste batzuentzat, aldiz, amaitzea bera edo ahalik eta ondoen amaitzea da erronka. Aurten ere horretan jardun dugu eta ikusiko da zer nolako emaitzak ematen dituen.