MariMurumendi, gaztetuta
Ehunmiletako hiru probetan txikiena izena hartzen ari da urtez urte .Lasterketa irekia izango da, 2019ko podiumean izandako inork ez baitu errepikatuko .Gazte asko sartu dira.
Ehunmilak lasterketako hiru probetan motzena bada ere, urtetik urtera hazten eta indartzen ari da MariMurumendi Maratoia. Askok Ehunmilen munduarekin duten lehen kontaktu bezala hartzen dute, gero beste bi proba luzeagoetara salto egin aurretik. Horri esker, proba honetan korrikalari berriak izaten dira urtez urte. Eta aurten, inoiz baino nabariagoa izan da belaunaldi aldaketa, oso korrikalari gazteak baitaude izena eman dutenen artean.
MariMurumendi Maratoiak 42,19 kilometroko luzera eta 2.300 metroko desnibela duen ibilbidea egiten du Goierrin barrena. Beasainen hasi (08:00) eta bukatuta, korrikalariak Usurbe, Murumendi, Pagorriaga, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi eta Arriaranen barrena ibiliko dira. Ibilbide horren %5 egin beharko dute asfalto gainean, %35 pistetan, eta gainontzeko %60 mendi bideetan ariko dira. Aurreneko korrikalariek hiru ordu eta erdi eta lau ordu bitartean bukatuko dute proba, eta gehienezko muga zortzi ordukoa izango da.
Aurreko edizioetan izen ezagun ugarik parte izan dute, tartean Aritz Egeak eta Jon Aizpuruak (aurten G2Hn ariko dira biak), edota Andrea Garai eta Ainhoa Lendinez bezalako korrikalariek. Proba horretako markarik onenak Samuel Davilak 2019an egindakoa (3:29:18) eta Ingrid Ruizek 2018an ondutakoa (4:24:30) dira. Asteburuko eguraldiaren baldintzek eragin handia izango dute marka horiek hobetu ala ez erabakitzerako garaian.
Aurten ere 265 korrikalaritara mugatu dute probako parte-hartzaile kopurua. Irteeran izango dira Unai Dorronsoro eta Koldo Agirre beasaindarrak; horiekin batera, Kataluniatik, Frantziatik eta Portugaldik etorritako hainbat korrikalari ere izango dira. Azken bi edizioetan podiumean izan den Iñigo Arantzamendi ondarroarra, eta Alvaro Ramos Nafarroako Trail txapelduna ere bertan izango dira.
Emakumezkoetan ere, beste horrenbeste, batez ere Katalunia aldetik korrikalari ugari baitatoz, horien artean Jessica Mataix, Ariadna Casajuana eta Eva Maria Tapia. Lasterketa irekia izango da aurtengoa, hala ere, azken edizioetako podiumean izan den inork ez baitu aurten parte hartuko.
Belaunaldi berria
Azken urteetan aurreko postuetan ibilitako oso korrikalari gutxik errepikatuko dute aurten MMM proban, baina horien ordez, belaunaldi berriak sartzen hasi dira. Horren adibide da 20 eta 30 urte arteko hainbat gazte beasaindar ariko direla aurten: tartean Jakes Aldasoro, Josu Sarriegi, Julen Ezpeleta eta Koldo Galarreta.
«Lasterketetan-eta elkartu gara beasaindar batzu-batzuk, kirol hau gustatzen zaigunak». Galarretak azaldu duenez, «kamisetak ere atera ditugu herriari begira, entrenatzeko eta lasterketetan erabiltzeko. Dagoeneko ehundik gora eskatu dizkigute, eta ea laster iristen diren».
Galarreta betidanik izan da kirolari eta kirolzalea. Hainbat urtez futboleko jokalari moduan aritu da; duela bizpahiru urte utzi bazuen ere, korrika eta padelean jarraitu du besteak beste. «Mendia aurretik ere gustatzen zitzaidan, eta pixkanaka proba egiten hasi nintzen. Futbolean nenbilen bitartean ere egin nituen Axari Trail eta horrelako proba batzuk». Futbola utzi duenetik, ordea, «lasterketa gehiago» egin ditu, bai asfaltoan eta baita mendian ere.
MariMurumendi proban aurrenekoz hartuko du parte, eta «berezia» izango da beretzat. Batetik, aurreneko mendi maratoia izango duelako. Eta bestetik, beasaindar bezala betidanik ezagutu duelako Ehunmilak probaren inguruko giroa. «Beti izan dugu ohitura ostiralean Larraitzera-edo joateko ikustera, eta parte hartzea berezia izango da». Gainera, «aurtengo helburu nagusia» proba hau duela azaldu du, «etxekoa izanda eta lehen proba luzea, ea zer moduz ateratzen den».
Entrenamendu aldetik ohiko errutinak mantendu ditu. «Astean zehar ia egunero ateratzen naiz, gustatzen zaidalako eta kirola egiteagatik. Iaz Behobia egin nuen eta aurten ere egingo dut, ea hobetzeko aukerarik dudan. MariMurumendi eta Behobia izango dira aurtengo helburu nagusiak».
Parte hartzen duen lehen aldia izanda, «proba egitera» aterako da, baina helburu bat ere jarri dio bere buruari: bost ordu eta erdiren azpitik bukatzea. «Faktore asko daude, eguraldia, eta inoiz maratoirik egin ez dudanez zaila da esatea, baina hor ibili nahiko nuke, erotu gabe eta lasai hartuta».
Ione Cerezo, bigarrenez
MariMurumendi proban 32 emakumezkok parte hartuko dute, eta horietatik hiru dira goierritarrak: Alazne Jauregi, Itxaro Mendizabal eta Ione Cerezo. Zumarragarra da Cerezo eta 32 urte ditu. Gailurra Xtreme telebista saioan parte hartutakoa da, eta baita Goierri Trail Kopako hainbat probatan ere. Aurten bigarren aldiz parte hartuko du MariMurumendi maratoian, 2018ko edizioan ere aritu baitzen. Prestakuntza berezirik egin ez badu ere, ez da geldirik egotekoa, eta entrenatzen aritu da. «Bestela ere ibiltzen naiz, eta hau espezifikoki prestatu ez badut ere, buruan neukan gauza bat zen; banekien ez nuela distantzia luzeagoetara joko, baina maratoia egitea pentsatuta nuen». Aurten bestelako oztopo batzuk izan dituela eta, ez du nahi adina probatan parte hartzerik izan, baina «gogotsu» dago MariMurumendi maratoiari ekiteko, beretzat «proba berezia» baita, eta ez du hutsik egin nahi izan. «Hemen da, etxean, eta bereziki maite dut; gertuko lekuetatik pasatzen da, Izazpitik, eta hor beti egoten da gertuko jendea; niri asko gustatzen zaidan proba da».
Helburu berezirik ez dio jarri bere buruari. «Aurreko edizioko denbora hobetu nahi nuen, baina urte arraroak izan dira, COVID-a dela eta, momentu batzutan gelditu beharra izan dut, baina orain gogotsu nago eta disfrutatu egin nahi dut».
Probarekin gozatzea, denbora hobetzea edo aurreko postuetako lehian ibiltzea helburu izan, aurten parte hartuko duten 265 korrikalariek sufritu eta gozatu egingo dute, Goierriko parajerik ederrenetako batzuetan barrena pasako den 42 kilometroko ibilbide gora-beheratsuan.
265 mendi lasterkari
MariMurumendi maratoian 265 lagunek parte hartuko dute. Horietatik 233 dira gizonezkoak eta beste 32 emakumezkoak.
Euskal herritarrak. Euskal herritar kopuruak behera egin du 2019koaren aldean –151 gizonezko eta 16 emakumezko (2019an 173 izan ziren)–. Gipuzkoakoak dira 99, Bizkaikoak 48, Arabakoak 17 eta 4 Nafarroakoak.
Estatu mailakoak. Espainiako estatutik datozen korrikalari kopuruak, berriz, gora egin du, eta aurten 96 izango dira –78 gizonezko eta 18 emakumezko (2019an 88 ziren guztira)–. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 63: Alacant (15), Bartzelona (11), Valentzia (18), Tarragona (10), Castello (5), Balear Uharteak (2) eta Lleida (2). Gainontzekoak Madril (9), Gaztela Leon (6), Gaztela Mancha (6), Aragoi (4), Asturias (2), Cantabria (2), Murtzia (2), Extremadura (1) eta Andaluziatik (1) datoz.
Estatuz kanpokoak. Aurten estatutik kanpoko 2 atleta izango dira irteeran, biak ere Frantziatik etorritakoak.