«Bazen garaia ultra batean horrela bukatzeko, oso gustura nago!»
Iaz hasi zen Aritz Egea urretxuarra lasterketa luzeak egiten eta aurretik adierazi zuen argi zuela lasterketa luzeak egiten hasiko balitz, G2H egingo zuela, hiruretan lasterketa erakargarriena delako beretzat. Ostiral gauean irteera puntutik atera jaun eta jabe izan da Goierriko bi handiak lasterketan.
Zer moduz sentitu zara?
Gaua ondo joan da, ondo ikusten zen beraz, alde horretatik ongi, baina 05:00etatik aurrera luze egin zait. Eguzkia ateratzen hasi denean, Andraitz inguruan nengoen, eta sekula ikusi dudan egunsenti politena ikusteko parada izan dut. Eguraldiari dagokionez, tarte batzuetan bero dexente pasatu dut, Aralar jaisten, Aizkorrin ere dexente,… eta hemen freskoago egiten zuen eta gusturago etorri naiz.
Egindako denborari dagokionez, Jon Azpirozek 2019an ezarri zuen errekorra ia 10 minutu ondu duzu eta 10 orduko langatik behera jaitsi zara gainera. Hori zen zure helburua?
Bai, hori zen helburua. Bakarrik geratu naizenean, horixe izan da estutzeko motibazioa. Gero egia da Barbaringo errebueltetan eta, denbora dexente joan zaidala, bost minutu seguru, oso -oso luzea egin zait, beharbada beroagatik. Baina hala ere gustura, tripak ondo, burua ondo, hankak ondo… Bazen garaia ultra batean horrela bukatzeko, azken batean ultra karneta lortzeko bide horretan nabil. Oso gustura nago, sekulako konfiantza hartu dut.
Antolakuntzari dagokionez, esateko zerbait?
Esker hitzak besterik ez, antolakuntza, bikaina baita; boluntarioak, zer esanik ez; markaketa, ikaragarria. Batez ere, gauez. Norbait galdu egin bada, ondo begiratu dezala zer dabilen.