Jai giroa berriz ere Liernin
Lierniko erromeria ospatu dute ormaiztegiarrek, bi urteren ondoren. Salda eta txorizo dastaketa, jolasak, musika edota toka txapelketa izan dituzte
Liernin jai giroa izan zen nagusi igandean. Eguraldi paregabean, Lierniko erromeria ospatu dute ormaiztegiarrek, bi urteko etenaren ondoren. Ohitura den bezala, goiz eta arratsalde pasa dute musika, mokadu eta jolas artean. Ormaiztegiko Udalak Mutiloako Udalaren laguntzarekin antolatzen du erromeria, eta egun osoko egitaraua izan dute aurten ere bertaratu direnek. Aulkiak, mahaiak eta karpak jarri dituzte auzoan eguna lagunartean ospatzeko. Goizean salda eta txorizo dastaketa izan da, eta haurrentzako jolasak gero. Meza nagusian izan da ermitan, eta Urmaiz abesbatzak kontzertua egin du bertan. Elkarrekin bazkaldu dute gero bazkari herrikoian. Helduek txerri saiheskia jan dute patatekin, eta haurrek makarroiak tomatearekin. Tripa beteta eta atseden hartuta, bazkalondorena DJ Inaxiok alaitu du, eta dantzan jarri ditu ormaiztegiarrak. Arratsaldean, eguna amaitzeko, Lierniko 24. toka txapelketa herrikoia jokatu da.













