«Oso lasterketa berezia da niretzat batez ere etxean jokatzen delako»
Parte hartu duen aurreko lau edizioetan (2014, 2017, 2018 eta 2019) bigarren postuan sailkatu eta gero, bosgarren aldi honetan, bai, podiumaren goren mailara igo da Elena Calvillo beasaindarra. Arantza kentzea lortu du Beasainen, etxean, jokatzen den beretzat lasterketa kuttuna den honetan. 28:53:28ko denbora egin zuen.
Bosgarren aldiz parte hartu duzu eta aurtengoa borobila izan da. Txapela eta marka pertsonala ontzea lortu duzu.
Oso pozik nago! Aurten lasterketa gutxi egin ditut, Ehunmilak prestatzen egon naizelako. Ultra bat egin nuen Cadizen (Espainia), martxoan, baina esandakoa, ez dut beste askotan parte hartu, nahiago izan dudalako helburu batzuk finkatu eta horietara ondo prestatuta heltzea.
Ehunmilak, Beasainen, etxean jokatzen duzun lasterketa da gainera. Horrek ere motibazio gehigarria izango du zuretzat, ala?
Zalantzarik gabe! Oso lasterketa berezia da niretzat, gehienbat esandakoagatik, etxean jokatzen dudalako.
Zein zen zure helburua?
Atera nintzen nire denbora egitera, aurretik nituen marka pertsonalak mantentzera eta aitortzen dut, uste baino hobeto atera zaidala dena. Helmugara horrela iristea izan da helburu, oso ilusio handia.
Lasterketa buruan joan zara gainera, hasiera-hasieratik.
Lasterketaren lehen zatia, Oihane Perez Reguera bizkaitarrarekin batera egin nuen. Ez nuen ezagutzen, baina gustura joan ginen, hizketan-eta… Baina momentu batean ikusi nuen pixka bat atzean geratzen hasi zela, eta nik nire lasterketa egin behar nuenez, aurrera jarraitzea erabaki nuen. Ondoren esan zidaten Tolosan lasterketa uztea erabaki zuela. Pena bat egia esan!