«Sentipen onak, eta egindakoarekin oso pozik eta gustura nago»
Ehunmiletan, seigarren aldiz jantzi du txapela Javi Dominguez gazteiztarrak (2011, 2014, 2016, 2017, 2018 eta 2022), eta bigarren geratu da bitan (2013 eta 2019). Ondo ezagutzen du Ehunmilak lasterketa. Irteeratik, lasterketa buruan jarri zen eta ibilbide osoan zehar joan zen lehen postuan. Aurten, aurretik egina zuen bere denbora onena ontzea lortu du; 23:04:06 behar izan zituen 168 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Iazko denboraren bueltan ibili zara, hori zen helburua?
Tira, iraganak lagundu egiten du, eta 23 orduren buruan ibiltzeko asmoa nuen.
Zer moduz sentitu zara?
Egia esan uste baino hobeto! Osasun larrialdiagatik geldialdia luzea izan da eta ez nekien ziur zenbateraino eragingo zidan horrek, baina esan bezala, uste nuena baino hobeto ibili naiz, sentsazioak onak izan dira eta egindakoarekin oso pozik eta gustura nago.
Dagoeneko ohitura bihurtzen ari da, aurten ere, bidetik atera zara, zer gertatu da?
Deskuidu txiki bat, baina ezer larririk ez egia esan.
Zer dauka lasterketa honek?
Ba gauza asko! Lehenengo eta behin antolakuntza eta boluntarioak, etxean bezala sentiarazten zaituzte, egiten duten guztiagatik, esfortzuagatik, eskerrak eman nahiko nizkieke. Oso gustuko dudan beste gauza bat da, toki asko igarotzen dituela, anoa puntu asko eta oso ondo antolatuta daudela. Txindokin egon ohi diren txalapartariak, hori ere asko eskertzen da, momentu oso berezia izan ohi da. Xoxote igarotzea, urtetik urtera jende gehiago biltzen da bertan, giro paregabea izaten da. Guztia zerrendatzea zaila da!