Aztiriko jaiak etzi itzuliko dira, lau egunekin, mendi karrera tarteko
Ostiraletik astelehenera ospatuko dituzte Santa Marina festak. Aztiriko 16. Mendi Lasterketa igandean da. Ibilbidea gogortu diote, Aizalekurekin; 100 bat espero dituzte
Aztiria auzoan Santa Marina festak ospatuko dituzte, ostiralean hasi eta zaindariaren egunean, astelehenean, bukatzeko. Lau eguneko egitarau tradizionalarekin itzuliko dira jaiak, pandemiagatik bi urte gabe egon ondoren. Aztiri-Bat elkarteak prestatu ditu jaiak, Gabiriako eta Legazpiko udalen laguntzarekin. Auzotarrek ohiko tonbola ere jarriko dute.
Ostiral arratseko ekitaldiak auzotarrentzat zuzenduak izango dira, nagusiki. Bola eta toka jokoak eta Aztiri erretegian auzo afaria egingo dituzte. Andoni Ollokiegi musikari pasaitarrak girotuko du lehenengo gaua.
Larunbatean, Otañutik mendi buelta egingo dute goizean. Patata tortilla lehiaketa izango da arratsaldeko ardatza, 25. ekitaldiarekin. Gauean, azken urteotako ohituran, bertso afarian elkartuko dira aztiriarrak, 50 bat lagun. Aratz Igartzabal gabiriarrak eta Eneko Araiztegi segurarrak kantatuko dute.
Mendi lasterketa igandean
Bisitari ugari erakarriko du aurten ere 16. Aztiriko Mendi Lasterketak. Ehun-bat korrikalari espero dituzte. Aztiriko gazteek antolatu dute proba, eta berritasunak sartu dituzte. Ibilbidea gogortu dute. Orain arteko Otañu mendiaz gain, Aizaleku tontorreraino igoko dira aurretik lasterkariak. 150 bat metroko desnibel positiboa erantsiko dio horrek profilari, 663 metro guztira. Luzera ez da asko gehitu: 11 km.
«Aspalditik zegoen ideia Aizaleku sartzeko. Duda zen Aizaleku sartu eta Otañu kendu, edo biak mantendu. Geuk proba egin genuen, biak sartuta, eta distantzia ez zela askorik irabazten ikusi genuen, eta egin zitekeela», argitu du Jon Agirre antolatzaileak. Goierri Garaia Atletismo Taldeak kudeatuko du.
Mendi lasterketako izen-ematea bihar arte egin liteke, Rockthesport webgunean (12 euro). Probaren kamiseta berria jasoko dute opari korrikalari guztiek, hamaiketakoa ere bai. Sariak lehen hiruna gizon eta emakumeentzat, eta lehen herritarrentzat (gabiriar zein legazpiar) daude.
Bittor Gabiria omendua
Auzoko adineko bati omenaldia egiteko ohitura ere mantenduko dute, igande eguerdian. Makatzaga baserriko Bittor Gabiria omenduko dute aurten. 88 urte beteak ditu.
Beste aztiriar bat ere gogoan izango dute, otsailean hil zen Jabier Zabaleta Mantxola bolaria. Gipuzkoa mailako bolatea haren omenezkoa izango da, aurreneko aldiz. Sari mardulak jarri dituzte (60na euro irabazleei, eta txapela lehenari).
Legazpitik autobusa ibiliko da 16 arratsaldez eta 17 egun osoan.
Aztiriko festa-egitaraua
OSTIRALA
· 18:00. Kanpai joaldia, suziriak.
· 19:00. Bola eta toka lehiaketak, auzotarrentzako.
· 21:00. Auzo afaria, erretegian.
· 23:00. Andoni Ollokiegi musika.LARUNBATA
· 11:00. Mendi irteera Otañura.
· 13:00. Poteo herrikoia.
· 18:00. 25. Patata tortilla lehiaketa. Ondoren, pintxoak eta ardoa.
· 18:00. Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak.
· 21:00. Bertso afaria, Aztiri-Bat elkartean. Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi bertsolariekin.
· Gauean. Erromeria trikitiarekinIGANDEA
· 09:00. Gabiriako txistularien biribilketa etxez etxe.
· 10:30. 16. Mendi karrera hasiera.
· 11:00. Meza nagusia.
· Gero. Adinekoari omenaldia.
· 13:00. Lasterketako sari ematea.
· 13:00. Goruntz dantza taldea.
· Gero. Elustondo trikitilariak.
· 18:00. Bolatea, Jabier Zabaletaren omenez. Izena: 18:00-19:00.
· 18:30. Herri kirol saioa: Eneko Otaño eta Iñaki Azurmendi aizkoran, Olaia Esnaola eta Naiara Zumeta harri jasotzen.
· Arratsean. Trikiti erromeria.ASTELEHENA, SANTA MARINA
· 11:00. Meza nagusia.
· Ondoren. Hamaiketakoa, elkartean, auzoko musikariekin.